Collage analogikoaren ikastaro intentsiboa egingo dute Ibarran

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Susana Blancok eskainiko du collage analogikoaren ikastaro intentsiboa.

Ibarrako Studio Marocan egingo dute maiatzaren 18an; zortzi orduko iraupena izango du eta aurrez eman beharko da izena.

Collage analogikoa egiten ikasteko ikastaro intentsiboa egingo dute maiatzaren 18an, Ibarrako Studio Maroca izeneko diseinuzko sormen estudioan. Tailer praktikoa izango da, «eskuekin lan egiteko, begiradarekin jolasteko, baina, batez ere, burua ahultzeko. Konexioak sortzeko, zatiak eraikitzeko eta sormenezko teknikekin esperimentatzeko».

Hainbat ariketaren bidez, collagearen aukerak aztertuko dituzte, elkarren ondoan jarrita, geometriaren, bolumenaren, patroien, zatiketaren edota abstrakzioaren bidez, irudiei begiratzen eta hainbat ikuspegitatik konektatzen ikasiz. Gainera, beste artista batzuen lanaren proiekzioa eta collage munduarekin lotutako liburu, film, erakusketa eta beste askoren lanak ere ikusi eta aztertuko dituzte.

Studio Marocako arduraduna den Susana Blascok bere lan artistikoa eta egiteko moduak partekatuko ditu eta aldizkari, argazki, paper eta tresna ugari jarriko ditu eskura. Hala ere, parte hartzaile bakoitzak bere argazki, grabatu edo ilustrazioekin lan egiteko aukera izango du.

Tailerrak zortzi orduko iraupena izango du; goizean 10:00etatik 14:00etara izango da, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena eta 150 euro ordaindu. Informazio gehiago Studio Marocaren webgunean lor daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!