Kultur ekintza ugari izango dira aukeran egunotan Ibarran. Izan ere, Ibarrako Gazte Asanbladak, lehen aldiz, Aste Kulturala antolatu du. Maialen Mariezkurrrena Ibarrako Gazte Asanbladako kideak azaldu bezala, «kulturaren inguruko eztabaida ezberdinak izan ditugu Asanbladan, gazteok aisialdia nola bizitzen genuen eta zein eskaintza zegoen ikusteko». Hala, Aste Kulturala antolatu aurretik beste proiektu batzuk abiatu zituzten Ibarran, esaterako, Ibar Mendi Taldea jarri zuten martxan eta zinema ere antolatu zuten Gaztetxean.
Hortik tiraka erabaki zuten Ibarrako Kultur Astea antolatzea. «Ekimen publiko bat egitea onuragarria eta interesgarria izango zela pentsatu genuen, guk izandako eztabaida horiei herrian espazio bat emateko, herritarrekin batera horietaz hausnartzeko, herritarrei entzuteko eta eskaintza kultural anitz, doakoa eta unibertsala eskaintzeko», gaineratu du Mariezkurrenak.
Hala, kultur esparruko ate desberdinak jotzen saiatu dira eta kulturarekin harremana zuen sortzaileei egin die gonbita. Proposamenen artean, ostiralean, bertso afaria egingo dute, 21:00etan, Sendi ekintzan. Momentuz, 100 pertsonek eman dutela izena jakinarazi du Asanbladako kideek, eta horiekin batera Andoni Rekondo, Amaia Iturrioz, Mikel Iturrioz eta Maide Garmendia bertsolariak izango dira bertan. Hala ere, oraindik bada tiketak erosteko aukera, Zubiaurre, Eguzkilore, Atari eta Iepa tabernetan.
LARUNBATEKO AZOKA
Herriko eragileei eta sortzaileei ere balioa eman nahi izan die, «horien jarduna erakusteko espazio bat izan dezaten, eta Euskal Herriko panorama kulturalean edo artistikoan dauden proiektuen berri emateko». Horren erakusle dira ostiralean Alurr dantza taldearen emanaldia edota larunbaterako antolatu duten azoka.
11:00etan abiatuko dute, eta guztira, 16 postu izango dira Ibarrako plazaren bueltan. Tartean, herriko sortzaileek ere jarriko dute postua. Esaterako, kultur etxeko tailerretan parte hartzen dutenen lanen erakusketa izango da eta umeentzako sormen txokoa ere jarriko dute, «sorkuntza prozesu txiki baten esperientzia bizi ahal izateko». Azokara gerturatzen direnak mokadurako tartea ere izango dute, Munduko Gastronomia deitu dioten txokoan. «Herriko familia ezberdinak prest azaldu dira beraien jatorrizko lurraldetako gastronomia erakustera», gehitu du Asanbladako kideak.
Hausnarketari lekua eman nahi zioten eta egun horretan bi mahai-inguru ere izango dituzte. Lehena Gaztetxean egingo dute, 17:30etan, eta Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen inguruan ariko dira. Bigarrena plazan egingo dute, 19:00etan, eta musika, literatura eta iraultza hizpide hartuta, gaur egungo kultur panoramaz mintzatuko dira.
DINAMIKA BERRIA
Garai batean Gaztetxeek beste dinamika bat zeukatela esan du Odriozolak, «azken aldian, ordea, erabat galduta zegoen zerbait zen eta orain, kontzertuak soilik ez diren beste ekintza batzuk ere antolatzen ditugu». Esaterako, Gazte Festak antolatu ohi dituzte, eta aurten ere horretan dabiltza. Hain justu, ekainaren 13tik 15ra bitarte ospatuko dituzte eta «egunean zeharreko egitarauari garrantzia handiagoa» emango diotela jakinarazi dute: «Argi utzi nahi dugu Gaztetxeak ez direla parranda egiteko espazioa bakarrik. Parranda egiten baldin bada diru kopuru bat ateratzeko da, ondoren, jarduerak egiteko sostengu ekonomiko bat lortzeko».
Horrekin batera eta Aste Kulturalaren ostean, Asanblada irekiak antolatuko dituztela jakinarazi dute, «herritarrek gure proposamenak entzuteko eta beraiek proposamenak egiteko». Halaber, herritarrak antolakuntzaren parte izan daitezela eskatu dute.
EGITARAUA
- Apirilak 10, osteguna
- 18:00. Bertso tailerra, Gaztetxean.
- 19:00. Pintxo-poteoa, Gaztetxean.
- Apirilak 11, ostirala
- 18:00. Alurr Dantza Taldea, plazan.
- 18.45. 'Nondik abiatu inora', plazan.
- 21:00. Bertso afaria, Sendi ekintzan.
- 23:30. Kontzertuak Gaztetxean: Mark Duti eta Ü.
- Apirilak 12, larunbata
- 11:00. Artisauen Azoka, plazan.
- 17:30. Mahai-ingurua, Gaztetxean: Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen proiektuak.
- 19:00. Mahai-ingurua, plazan: Literatura, musika eta iraultza.
- 23:30. Kontzertuak Gaztetxean: Ezezez eta Jugy.
- Apirilak 13, igandea
- 18:00. 'Rifqa' liburuaren errezital musikatua.
- 19:30. Kontzertua: Mahi Kobat.