Gazteen emozioak kudeatzeko saioak, Ibarran

Ataria 2025ko mar. 27a, 19:58

Eskubitik hasita, bigarrena, Garazi Urkizar antolatzailea 'Gazteak Auzolanean' ekitaldiaren aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

'Gazte, emozioen jabe!' izeneko hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte, eta lehena igandean izango da, 10:30etik 13:30era, Ibarrako Txontxo lokalean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzatik sustatzen den Gazteak Auzolanean egitasmoaren baitan, hitzaldi eta tailer sorta antolatu du Ibarrako gazte talde batek. Egitarau horri Gazte, emozioen jabe! izena jarri die eta, hain justu, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei egongo da zuzenduta. Bertan emozioen kudeaketa, autoestimua eta norbere buruaren ezagutza landuko dituzte.

Proiektuko sustatzaileetako bat den Garazi Urkizar ibartarrak azaldu bezala, «batxilergoan dauden gazteekin hitz egin dugu, nahiko gertu geratzen zaizkigulako, eta beraiek ere ikasketen ondoren datorren ezjakintasunaren inguruan sortzen den presioa edo ezinegona kudeatzen jakiteko beharra dute». Behar horri tiraka osatu dute Gazte, emozioen jabe! izeneko egitaraua.

«Egia da azken aldian antsietatearen inguruan asko hitz egiten dela, baina gero profesionalen aldetik ez dugu informazio handirik jasotzen»; ekimen hau horretarako «baliagarria» dela uste du antolatzaileak. Modu horretan, bederatzi saio antolatu dituzte, eta lehena izango dute igandean, 10:30etik 13:30era, Txontxo lokalean.

«Gazteei entzun nahi diegu eta, haiekin batera, programa eta gaiak landu, beren zalantzak, buruhausteak, iritziak, usteak eta esperientziak azaleratzeko», gaineratu du. Horregatik, lehen saio horretan, ikasketekin lotutako gazteen kezka eta beharretatik abiatu eta adituen laguntzarekin hurrengo saioetan landuko dituzten gaiak aukeratuko dituzte. Horretarako, Lapiko sexologia taldeko sexologoak izango dituzte gonbidatu berezi.

Saioak igandeetan egingo dituzte, Txontxon, eta Donna Apellaniz terapeuta emozionalak eta Oihana Calderero psikologoak gidatuko dituzte. Apellanizen saioak apirilaren 6an eta maiatzaren 25ean, 11:00etatik 13:00etara izango dira; eta Caldereroren saioak, berriz, maiatzaren 11 eta 18an eta ekainaren 1ean, 10:00etatik 12:00etara.

Saio guztiak doakoak izango dira, eta herritar guztientzako zabalik egongo dira, izan ibartarra edo ez.

 

GAZTEAK AUZOLANEAN

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztea Zuzendaritzak, zortzigarren urtez banatu ditu, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako Gazteak Auzolanean diru laguntzak. Bost proiektu aukeratu dituzte, eta horietako bakoitzak 1.500 euro eta 5.000 euro arteko laguntza jaso du, urte honetan zehar hori garatu ahal izateko. Hautatutako ekimenek, aurreko urteetan bezala, laguntza ekonomikoaz gain, beharrezko laguntza teknikoa ere jaso dute Gaztegune+ zerbitzuko lansaioen eta jarraipen-tutoretzen bidez, beren ideia proiektu bihurtzeko.

Aurtengo proiektuetan osasun mentala, aisialdi inklusiboa, emozioen kudeaketa, arte garaikidea edo deskonexio digitala bezalako gaiak jorratuko dira. Eta aukeratutako bost proiektu horien artean aurkitzen da Ibarrako gazte talde batek osatu duen Gazte, emozioen jabe! egitaraua. «Ikuspegi eraldatzailea eta sortzailea» duten lanak dira guztiak, elkarrizketa, gizarteratzea eta gizarte-aldaketa sustatzen dutenak. Foru Aldunditik azaldu dutenez, «programa honek gazteen parte-hartzeaz gain, gazteen jarrera sortzailea eta ekintzailea bultzatzen ditu, gazteak beren herri eta hirietako eragile aktibo bihurtuz».

Gizarte-berrikuntzako proiektuak garatzen laguntzen duten dirulaguntza hauei esker, 2017tik, Gipuzkoako 113 gaztek 32 proiektu garatu ahal izan dituzte. Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak, guztira, 171.000€ baino gehiago bideratu ditu programa honetara urte hauetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!