Liztor asiatikoaren aurkako zortzi tranpa sistema jarri dituzte Ibarran

Ataria 2025eko martxoaren 24a

Ibarrako Udalak, Belarmendi eta Balerdipeko erleak elkarteekin elkarlanean abiatu du kanpaina, intsektu inbaditzaile honen populazioa kontrolatu eta murrizteko helburuarekin.

Balerdimendi eta Balerdipeko erleak elkartean, liztor asiatikoaren tranpatze kanpaina abiatu dute eskualdean. Bertako azterketa egin ostean, eta aurreko urteetan desaktibatutako liztor asiarraren habia-kontzentrazio handieneko eremuak identifikatu ondoren, eskualdeko zenbait herritan jarri dituzte tranpa sistemak. Horietako bat izan da Ibarra eta zortzi tranpa sistema jarri dituzte herrian zehar. Elduainen beste sei tranpa sistema jarri dituzte. Tranpa horiek plastikozko kutxa batzuk dira, liztorrak erakartzeko likido batez beteak.

Liztor asiarraren –Vespa velutina nigrithorax– tranpatze kanpaina, intsektu inbaditzaile honen populazioa kontrolatu eta murrizteko estrategia integrala da. Adituek adierazi dutenez, «asiako liztorra mehatxu garrantzitsua da tokiko ekosistema eta biodibertsitatearentzat. Asiako hego-ekialdetik dator, eta espezie honek Europako eskualde asko kolonizatu ditu, Euskal Herria barne, bertako animalientzat –autoktonoa den erle beltzarentzat gehienbat–, nekazaritzarentzat eta osasun publikoarentzat arriskua suposatuz».

Horregatik, kanpaina honen helburu nagusia Asiako liztor-populazioa murriztea da. Horrela, ingurune naturala, nekazal-ingurunea eta giza osasunaren gaineko arriskuak eta kalteak gutxitzea lortu nahi da. «Haien presentzia gutxituz, erlearen gaineko presioa gutxitzen da, eta bertako flora nahiz nekazaritzako baliabideak zaintzen dira», azaldu dute Ibarrako Udaletik.

Kanpaina honetan zehar jarri dituzten tranpatze sistema horiek ez ukitzeko gomendioa egin dute udaletik. Edozein arazo izanez gero belarmendi@gmail.com edo info@balerdipeko.eus helbide elektronikoetara idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!