Euskal Herriko Sokatira Txapelketan Ibarra Sokatira Taldeko emakumezkoek txapela jantzi dute 500 kiloko mailan, eta gizonezkoek hirugarren postua eskuratu dute 560 kilokoan.
Txapela lortzeko modua ezohikoa izan da. Hiru jardunaldietara jokatu da maila hori, eta azken jardunaldia jokatuta puntuetara berdinduta geratu ziren Ibarra eta Beti Gazte. Falta kopuruak ere berdinak zituztenez, Ibarrarentzat izan da txapela, taldekideek Beti Gaztekoek baino gutxiago pisatu zutelako. «Orain arte berdinketa hausteko tiraldia egiten zen, baina aurten legearen interpretazio berriarekin, berdinketa hausturak ekidite aldera, falta gehien zituenak galdu egiten zuela erabaki zen», azaldu du Oihane Sarasola Ibarrako sokatiralariak.
Horrela, azken jardunaldian, aurreko tiraldi guztiak irabazita, berdinduta zeuden falta kopuruetara Ibarra eta Beti Gazte. Beraz, beraien arteko tiraldia galduta ere, puntuetara berdinduta geratuko zirenez, faltarik ez egiteko estrategia baliatu zuten Ibarrakoek. «Sentsazio arraroa izan zen, bi taldeek ez baikenuen ahal genuen gehiena tira egin», esan du Sarasolak. «Guk ez genuen faltarik egin nahi, eta beraiek guk falta bat gehiago egitea nahi zuten tiraldia irabazi aurretik».
MISTO MAILAKO FINALA
Goma gaineko denboraldiari igandeko txapelketarekin emango zaio amaiera. Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatuko da misto mailako 580 kiloko finala, 11:30ean hasita. «Kanporaketan aurrenekoak izan ginen, baina talde batzuek orain finalerako indartu egingo dute bere zortzikoa», esan du Sarasolak. «Gu dena ematera joango gara eta ea txapela lortzeko aukera dugun».
Argazkiak: Potronko