Auzolanean ariko dira Azkuen, auzoa biziberritzeko asmoz

Ataria 2025eko martxoaren 20a

Gaztezulok, Nura elkarteak eta Ibarrako Udalak auzolana abiatutako ekimenaren bitartez, muralak egin, eserlekuak berritu eta eskailerak margotuko dituzte; aurrez eman behar da izena.

Apirilean auzolanean ariko dira ibartarrak, Azkue auzoa biziberritzeko asmoarekin. Gaztezulok, Nura elkarteak eta Ibarrako Udalak elkarlanean abiatu duten proiektua da, eta hiru eguneko egitaraua osatu dute horretarako. Apirilaren 22an eta 23an, 11:00etatik 17:00etara, eta apirilaren 24an, 11:00etatik 14:00etara ariko dira lanean. Azken egunean, gainera, bazkaria egingo dute parte hartzaile guztiek.

Gaztezulo eta Nura elkartekoek egin zuten bilera batetik sortu zen ekimena. Hala adierazi du Olaia Uzkudun Nura elkarteko hezitzaileak. «Azkue auzoan zerbait egiteko beharra ikusi genuen; herritik pixka bat aparte dagoen auzoa da, herritar askok ez du ezagutzen eta auzotarren artean ere ez dago harreman handirik», gaineratu du.

Behar horiei buelta bat emateko asmoarekin, abiatu dute Auzolana Azkuen proiektua. Hala, bertako eserlekuk berritu eta eskailerak margotuko dituzte, eta horrez gain, muralak egingo dituzte lau lokaletan, hain zuzen, Gaztezulo, Nura elkartea, Loatzo musika eskola eta Alurr dantza taldearen lokalean. «Gaztezulo eta Nura elkarteko haur eta nerabeek margotuko dituzten bozetoetatik aterako dira muralen diseinuak, baina profesional baten bitartez aukeratuko dugu zein margotu», azaldu du Julen Iraola Gaztezuloko hezitzaileak.

Herriko hainbat zerbitzu bertan aurkitzen direla kontuan hartuta, proiektu honek «auzoko estetika hobetzeko» helburu duela azaldu du Iraolak; «bestetik, Azkue auzoko komunitatea indartu nahi dugu, baina ez da bakarrik Azkuen bizi diren auzotarrentzat, baizik eta Ibarrako edozein herritarrentzako bideratuta dagoen proiektua da».

Auzolanerako interesa dute herritarrek aurretik eman beharko dute izena, eta apirilak 1etik 4ra bitarte izango dute horretarako aukera. Izen emate orria kultur etxean egongo da eskuragarri, eta ondoren, Gaztezulon eta Nura elkartean aurkeztu beharko da. Auzolanerako zein bazkarirako izen ematea beharrezkoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!