Sexilioaren inguruko erretratu eta testigantzak bildu dituzte

Leyre Carrasco 2025ko mar. 19a, 11:59

‘Xerka’ argazki erakusketa ikusgai dago Ibarrako kultur etxean; ostiralean aurkeztu zuten Haizea Lizaso ibartarrarekin batera.

Berria egunkariak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean antolatzen duen Komunikazioko gradu amaierako lanen III. Berria saria irabazi zuen iaz Martxel Larraza nafarrak, Xerka izeneko fotokazetaritza lanari esker. Hain justu, LGTBI komunitateak bizi duen erbesteratze prozesu isilari buruzko lana da eta Euskal Herriko landa eremuko bost pertsonen testigantzak eta argazkiak biltzen ditu.

Hortik gutxira, proiektu honetara gehitu zen Joseba Olagarai kazetaria, eta hala sortu dute Xerka hitzaldia eta argazki erakusketa. Herriz herri aritzen dira, euskal landa eremuetan bizi diren LGTBI komunitatearen nortasuna eta bizi esperientziak ezagutzera ematen eta «mezu positibo bat» helarazten: «Euskal landa eremuan eta euskaraz posible dela queer izatea eta herrian bizitzea».

Hitzaldietan, esaterako, sexilioaren inguruan aritzen dira. «Sexu-orientazioa edo genero identitatea dela eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI+ pertsonen migrazio behartuari deitzen zaio sexilioa», azaldu du kazetariak. Hitzaldiarekin batera, bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen dituen argazki erakusketa osatu dute, eta bertan, LGTBI komunitatearen sexilioa «askotarikoa» dela erakutsi dute.

«Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa» proposatzen du Xerkak. «Kulturaz, lengoaiaz eta sinboloz jantzi dugun heinean, ostadarrak kolore adina euskalki ditugu Euskal Herrian; askotariko herriak, aldakorrak, inklusiboak eta, zorionez, gero eta bizigarriagoak!», gaineratu dute.

IBARRAKO HITZALDIA

Ibarrako Benito Izagirre kultur etxera iritsi da Xerka, eta aste honetan zehar bertan izango da ikusgai; goizetan, 10:30etik 13:00etara, eta arratsaldeetan, 16:00etatik 20:00etara. Hain justu, pasa den ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia eta bertan izan zen Haizea Lizaso ibartarra ere. Hasieran urduri bazegoen ere «naturaltasunez» eman zuen testigantza Lizasok.

10 urte besterik ez zituela eman zuen saltoa neska zela adierazteko. Gurutzetako ospitalean hasi zuen prozesua, «blokeatzaileak jarri eta hormonatzen hasteko». Orain 17 urte ditu eta oraindik hara joaten da prozesua «ondo» joaten ari den ikusteko. Horrez gain, psikiatra batengana ere joaten da. Hala ere, hasieratik izan du familia eta lagunen laguntza, eta herrian «babestuta» sentitu dela dio.

Datozen hilabeteetan beste hainbat herrietan aurkeztuko dute Xerka; esaterako, Legorretan, Altsasun, Ordizian, Oiartzunen, Hernanin, Lasarten, Elgoibarren, Donostian, eta tartean, Berastegin ere izango da ikusgai. Azken hori ekainaren 29an aurkeztuko dute, udaletxean. Informazio gehiago behar dutenek xerkatuz@gmail.com helbidera idatzita lor dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!