Gaurtik aurrera Ibarrako bertso afarira joateko tiketak salgai izango dira

Ataria 2025ko mar. 17a, 13:38

Ibarrako Gazte Asanbladak, Aste Kulturalaren bueltan, bertso afaria antolatu du apirilaren 11erako. Andoni Rekondo, Amaia Iturrioz, Mikel Iturrioz eta Maide Garmendia bertsolariak izango dira bertan.

Aste Kulturalaren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Ibarrako Gazte Asanbladak. Apirilaren 10etik 13ra antolatu dituzte eta horietako baten berri eman dute dagoeneko. Hala, bertso afaria egingo dute apirilaren 11n, Andoni Rekondo, Amaia Iturrioz, Mikel Iturrioz eta Maide Garmendia bertsolariekin batera. Tiketak salgai daude dagoeneko, Zubiaurre, Eguzkilore, Atari eta Iepa tabernetan. Ekintza hau Sendi ekintza elkartean ikasbidaiako DBHko ikasleekin elkarlanean antolatu dute.

Ikasturtean zehar kulturaren inguruan eztabaida eta hausnarketa ugari izan dituztela kontatu dute Ibarrako Gazte Asanbladako kideek. Hainbat izan dira honen bueltan jorratu dituzten gaiak; hala nola, kultura terminoa, kulturaren eraldaketa eta interbentzio kulturala, besteak beste. Hizketaldi horiek «artearen kontsumoaren eta artearen irisgarritasunaren» inguruan pentsatzera eraman dietela esan dute, «egun ez baitago baliabiderik proposamen artistikoez ohartzeko, edota gaiaren inguruan hitz egin eta eztabaidatzeko».

Egoera honi erantzun bat emateko asmoz antolatu dute Aste Kultura Ibarran, hainbat helbururekin: «eskaintza kultural zabal eta unibertsal bat eskaintzeko; herriko eragile ezberdinen zein inguruko artista ezberdinen lana ezagutzeko espazioak irekitzeko; eta asanblada emandako eztabaidak zabaltzeko eta gaiaren inguruan hausnartzeko espazioak irekitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!