Ibarrako txirrindulariaren heriotza salatzeko martxa egingo dute

Ataria 2025eko martxoaren 7a

Atxega jauregitik abiatuko da hildako txirrindulariaren heriotza salatzeko martxa.

Usurbilen egingo dute larunbatean 11:45ean Atxega jauregitik abiatuta.

Nahikoa da! Errespetatu txirrindulariak lelopean protesta egingo dute Usurbilen larunbat honetan, hilak 8. Atxega Jauregiaren kanpoaldean, 11:45ean jarri dute hitzordua, eta bertatik 150 metroko ibilbidea egingo dute bizikletaz. Oinez egiteko aukera ere izango dela azaldu dute deitzaileek.

Protesta horrekin, iragan astelehenean, martxoaren 3an, Usurbilen izandako istripua salatu nahi dute. N-634 errepidean gertatu zen istripua. 53 urteko txirrindularia jo zuen kamioi batek, eta ondorioz hil egin zen. Hildako ibartarra Iñaki Pakea Arsuaga zen. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko zuzendaria zen eta ezaguna zen eskualdean, bai hezkuntza munduan, bai eta kirol munduan ere. Bada, ibartarraren heriotzak samina sortu zuen herritarren artean, eta asko izan ziren, norbanako, talde nahiz erakunde, agur eta esker mezuak zabaldu zituztenak. Era berean, herritar ugari gerturatu ziren ibartarrari azken agurra emateko hilaren 4an egin zuten ekitaldira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!