M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

Udaberri hezitzailea programa osatu dute

Ataria 2025ko mar. 6a, 12:33

Ibarra Herri Hezitzailea taldea osatzen duten eragileek egitarau zabala osatu dute Martxoaren 8aren harira, eta hala, bederatzi jarduera izango dituzte datozen hilabeteetan zehar.

Iaz herriko hainbat eragile modu koordinatu batean elkarlanean hasi ziren hezkidetza lantzen. «Eragile guzti horien artean hezkidetzak oinarrizko gaia izan behar zuela erabaki genuen, herri mailan, lanketa desberdinak egiteko, izan ere, behar desberdinak atzematen genituen, bai haur, nerabe, guraso eta helduen artean», azaldu du Julen Urrestarazu hezkuntza eta gazteria zinegotziak.

Geroztik, hezkuntza, bere modu zabalean ulertuta, herri mailako elkargunea artikulatzeko eta ezaugarritzeko lan saioak burutu zituzten. Ibarra Herri Hezitzailea izena jarri zioten elkarguneari, «Ibarra hezitzaile baterako zorua adosteko, hezkuntza komunitatea saretzeko eta, herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko».

Hain justu, Ibarrako Udalak eta Oinherri herri hezitzaileen sareak elkarlanean duten hitzarmenaren baitatik sortu zen abiapuntua, eta horiekin batera dabiltza elkarlanean Uzturpe ikastola, osasun etxea, Nura Gizarte Hezitzaileak, Gaztezulo, Zugatik Gugatik, Loatzo, Alurr, Uema, Galtzaundi eta Txiribitu Aisialdi Taldea.

Elkargunea koordinaziorako eta elkargunerako gune izatea lortu nahi dute, eta horren bueltan dabiltza. Honela, Martxoaren 8rako egitarau bateratu bat sortzea «aitzaki polita» iruditu zitzaiela esan du zinegotziak, eta hala osatu dute udaberri hezitzailea programa. Bederatzi ekintza antolatu dituzte denera, eta bihar abiatuko dute.

Egitaraua

  • Martxoak 7, ostirala
    • Ikastolan, ikasleen eskutik. Dantza, apainketa lana, ipuin kontaketa, antzerkia, Hauspoaren eskutik. 'Ztandap' bakarrizketa 19:30ean kultur etxean, poteo musikatua, afaria, pintxada eta bokatak.
  • Martxoak 8, larunbata
    • Eskualdeko ekintzekin bat egiteko deialdia.
  • Martxoak 12, asteazkena
    • Udalaren eskutik, DBH1eko ikasleentzat, gizontasun tailerra.
  • Martxoak 13, osteguna
    • Udalaren eskutik, DBH2ko ikasleentzat, sexualitate tailerra (lehen saioa).
  • Martxoak 14, ostirala
    • Udalaren eskutik, 'Xerka' hitzaldia eta argazki erakusketa aste guztian zehar.
  • Martxoak 19, igandea
    • Udalaren eskutik, DBH2ko ikasleentzat, sexualitate tailerra (bigarren saioa).
  • Martxoak 27, osteguna
    • Udalaren eskutik, gizontasun tailerra.
  • Martxoak 28, ostirala
    • Ikastolan, ikasleen eskutik, mahai ingurua: Adin desberdinetako emakumeak eta txokolatada.
  • Apirilak 5, larunbata
    • Udalaren eskutik, autodefentsa feminista ikastaroa eta barrikotea. Ondoren, Alarma Morea kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!