Akordioa CAF-Rail Line enpresan

Ataria 2025eko otsailaren 18a

Beasainen manifestazioa egin zuten Ibarrako enpresako langileek iragan astean.

Hiru urterako akordioan, soldata igoera, lanaldia 28 ordutan murriztea eta telelanerako hedapena adostu dituzte, besteak beste.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, CAF-Rail Line enpresarekin akordioa lortu dute. Hain justu, hiru urterako akordioa lortu dutela azaldu dute, «langile batzarrean gehiengo zabalez onartu dena». Soldata igoerak KPIaren gainetik, urteko lanaldia 28 ordutan murriztea edo telelanerako aukeren hedapena nabarmendu ditu sindikatuak lorpen nagusi moduan. 

LABek gogoratu duenez, «borrokaren bideari» ekin zioten enpresa mailako lehen akordioa erdiesteko eta hainbat lanuzte eta mobilizazio burutu dituzte azken asteetan. Mahai negoziatzaileko azken bi bileretan enpresak jarrera aldatu duela azaldu du LABek, eta edukia duten proposamenak aurkeztu dituela.

«Langileon arteko elkartasun eta konpromisoaren bidez lortu da lehen aldiz enpresa lan baldintzak modu kolektiboan negoziatzera eserarazi eta eduki nabarmenak dituen akordioa erdiestea», azaldu dute sindikatutik. Ibarrako lantegiko langileak zoriondu dituzte lorpenagatik. «Bide beretik iritsiko dira lorpenak aurrerantzean ere», esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!