Gazteriak eta adineko herritarrek izango dute lehentasuna

Ataria 2025eko otsailaren 5a

Ibarrako Udala 2030 Agenda osatzen ari da; orain arte egindako lana herritarrei aurkeztu eta lan-ildo nagusiak zehaztu dituzte.

Ibarrako Udalak 2030 Agendaren 2024-2030 Ekintza Plana egiteko konpromisoa hartu du, Ibarra Agenda 2030. Amesten dugun herria izeneko prozesuaren barnean. 2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzailea da, gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan giza garapena bultzatzeko helburua duena.

Prozesuaren lehen fasean, gogoeta prozesua abiatu zuten, «globalizazioak dakartzan gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken aurrean, herriaren egoera aztertzeko eta nora iritsi nahi dugun jakiteko». Azterketa horretan, herriko ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jaso, eta diagnostikoa osatzeko, Ibarrako herritarren sektore ezberdinekin elkarrizketak egin zituzten iragan urteko urrian eta azaroan. Herritarren parte hartzea «handia» izan zela nabarmendu du Igor Zapirain alkateak. Hala, adinekoekin, merkatariekin, landa eremuko auzokideekin, gazteekin eta emakume talde batekin elkartu ziren.

LEHEN BILERA

Herriaren azterketatik atera duten argazki horretatik abiatuta, helburu jasangarriak lortze aldera, Ibarrarentzako ibilbide-orri bateratu bat eskaini nahi du udalak, herriko eragile guztien adostasuna izango duena. Honela, herritarrekin elkartu ziren, diagnostikoaren emaitzak aurkeztu, 2030era begirako ikuspegia landu, eta lan-ildo nagusiak zehazteko.

Hain justu, urtarrilaren 23an egin zuten bilera, eta lantaldetan banatu zirela kontatu du alkateak. «Guztira, 15 pertsona inguru elkartu ginen, eta bereziki, gazteriak etxebizitzarekin duen arazoa eta hirugarren adinekoek zaintzarekin izan dezaketen lotura izan ziren kontuan hartzekoak».

Ibarra eskualdeko herri «zaharrenetakoa» dela adierazi du alkateak. «Biztanleriaren %25 baino gehiago 65 urtetik gorakoa» dela gaineratu du, eta beraz, horrek lotura estua duela udaletik gauzatzen ari diren IUPI deituriko Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralarekin. Izan ere, Ibarran denbora asko daramate udalerriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko bidean, eta plan estrategiko honen helburua herritarrei lehentasuna ematea da, bereziki, gazteei eta hirugarren adineko herritarrei.

Hortaz, hemendik aurrera, ekintza-planaren edukia adosteko bilerekin jarraituko dute, eta Ibarrak dituen etorkizuneko erronkei buruzko galdetegia ere zabalduko dute. Hala ere, udaletxean asteazkenero biltzen direla jakinarazi du alkateak, «eta bilera horietan 2030 Agendarekin zerikusia duten alor guztiak jorratzen ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!