Zazpibide Trail mendi lasterketa berria, Ibarrako inguruetatik

Imanol Garcia Landa 2025ko urt. 29a, 16:00

Goar Lopetegi, Leire Agirrezabala eta Mikel Gibelalde, Zazpibide Trail mendi lasterkeatren aurkezpenean.

Bidetxur Mendi Taldeak antolatu du proba eta maiatzaren 18an egingo da; 17 kilometro ditu eta izen ematea astelehenean zabalduko da Kronoak.com webgunean.

Mendi lasterkariek aukera berri bat izango dute eskualdean proba batean parte hartzeko. Ibarrako Bidetxur Mendi Taldeak antolatuta, Zazpibide Trail mendi lasterketa berria egingo da maiatzaren 18an. 17 kilometroko ibilbidea izango du eta 675 metroko desnibel positiboa. 10:30ean hasiko da eta irteera zein helmuga Ibarrako plazan izango du. Izen ematea astelehenean, otsailak 3, zabalduko da, 21:00etatik aurrera, Kronoak.com webgunean. 

20 euroko kostua izango du izen emateak eta 16 urte beteak izan behar dute parte hartu nahi duten korrikalariek. 300 parte hartzaileentzako lekua jarri dute, eta dortsalak bukatuz gero, itxaron zerrenda bat irekiko da.

Iker Gibelalde antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, «ibilbide maldatsua da baina oso korrikalaria. Aldapa dezente ditu baina ez dira oso luzeak, eta garaiera handiko mendirik ez da ukitzen». Behin Ibarrako plazatik abiatuta, Zazpibide aldera joko dute lasterkariek, bertan egingo baita ibilbidearen zati nagusia. Tolosako hilerriaren ondotik pasako dira, eta gero Txarama aldera egingo dute, eta inguru horietan 11 kilometro osatuko dituzte. Ondoren, Leaburu inguruko maldetan ariko dira korrikalariak, eta azkenik Ibarrako plazara jaitsiko dira. 

Ibilbidearen punturik altuenak 356 metro ditu, eta korrikalariek hiru orduko denbora muga izango dute proba amaitzeko. Parte hartzaileek anoagune bat izango dute, Leaburuko San Sebastian ermitaren inguruan, 11. kilometroan. «Ingurumenarekin konpromisoa dugu, eta hornidura guneetatik kanpo zakarrik ez botatzea ahalbideratzeko hainbat zabor ontzi jarriko dira bidean», dio Gibelaldek.

Sariei dagokionez, lehen hiru emakumezkoek zein gizonezkoek izango dute. Lehenengoak 150 euro eta garaikurra izango du, bigarrengoak 100 euro eta garaikurra, eta hirugarrengoak 50 euro eta garaikurra. Ibarrako lehen emakumezkoari zein gizonezkoari sari berezia emango zaie, eta baita 18 urtez azpiko lehen emakumezkoari zein gizonezkoari ere. 

Guztientzako egokia
Leire Agirrezabala eta Goar Lopetegi mendi lasterkari ibartarrak izan dira aurkezpenean, Zazpibide Trail probari bere babesa emateko. Agirrezabalak azaldu duenez, «aukera oso polita iruditzen zait mendi lasterketa bat egiteko. Nik uste dut korrikalari guztientzako egokia dela, eta prestaketa moduan ere oso ondo etorri liteke eskualdean aurrerago egingo diren beste mendi lasterketa batzuentzako. Lasterketa azkarra izan daiteke oso, eta aldi berean edozein erritmotan egiteko oso egokia da, ez duelako  berebiziko aldapa handirik. Gozatzeko proba bat dela uste dut, eta jendea animatzen dut parte hartzera». 

Lopetegik gaineratu duenez, «Leirek esan bezala, denentzako egokia izan daitekeen lasterketa bat da. Inork ez du arazorik izango lasterketa hau burutzeko. Tolosaldeko jende guztiak Zazpibideak oso ezagunak ditu eta toki polita da. Ziurrenik parte hartzaileek bidezidor berri batzuk ezagutuko dituzte, eta gero erabili ahalko ditu bere entrenamenduentzako».  

Bidetxur Mendi Taldeak urtero hainbat ekitaldi gauzatzen dituela ekarri du gogora Gibelaldek: «Besteak beste, Ibarrako Mendi Duatloia dugu, mendi martxak laugarren urtea izango du aurten, iaz burutuko genuen enduroko jaitsiera, eta aurretik ere orientazio probak egin izan ditugu». Gibelaldek esan duenez, «nolabait faltan botatzen genuen trail lasterketa bat Ibarran. Hemen ondoan, Tolosan, T2T eta T3T probek indar handia dute, eta guk zerbait xumeagoa egiteko asmotan hasi ginen prestatzen mendi lasterketa hau». 

Zazpibide eremua aukeratzerakoan, ibartarrentzat zein tolosarrentzat eta inguruko herrietan bizi direnentzat «oso toki erakargarria» dela kontuan hartu dutela esan du Gibelaldek: «Korrika egiteko oso egokia da, eta oso gertu dugu. Badakigu bidea jende askok ezagutzen duela, baina Zazpibideetako zirrikitu asko ez ditu ezagutzen. Lasterketa honen bidez aukera emango dugu zirrikitu horiek ezagutzeko». Bestalde, Ibarrarekin lotzeko, ibilbidea Leaburuko aldetik ere igarotzea «oso egoki» ikusi dute: «Gure enduro eta mendi duatloiko lasterketetan erabiltzen ditugu ibilbide horiek, eta osagarri moduan primeran doa». Gibelaldek gaineratu duenez, «ibilbide oso polita, oso korrikalaria eta oso gurea izango da». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!