Ibarrako Udalak 6.300.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino 341.000 euro gehiago. EH Bildu taldeko zazpi zinegotzien aldeko, EAJko hiru zinegotzien aldeko eta PSE-EEren aurkako bozka batekin eman zioten behin behineko onarpena aurrekontuari azaroaren 28an egin zuten udalbatzan.
Proiektu ezberdinak lantzen ari dira, eta batzuk aurreko urteetatik datozenak dira. Esaterako, urtean zehar udala eta auzotarrak bildu, eta haien ekarpenak egiteko bilerak egin dituzte, eta bilera horietan herriko gune batzuetan zenbait lan egiteko «beharrak» identifikatu dituzte. Gune horiek Julian Gaiarre, Argindegi eta Jesus Guridi auzoak dira, hain justu.
Izan ere, Igor Zapirain alkateak legealdi hasieran aipatu zuen bezala, Ibarran «arazo potoloa» dago irisgarritasunarekin eta mugikortasunarekin, eta herriaren iparraldean dauden hiru auzoetako Julian Gaiarre, Argindegi eta Jesus Guridi orografia ikusita mugikortasun plan bat gauzatzea zen beraien asmoa. Hala, irisgarritasunari begira, espaloiak eta aparkalekuak egokitu eta konpondu dituzte, eta bertako argiteria guztia aldatu dute, hodiak eta kableak barne. Orain, hiru eremu horietan igogailuak jarriko dituzte. Herritarrei lehentasuna ematea da plan estrategikoaren helburua, bereziki, gazteei eta hirugarren adineko herritarrei, eta dagoeneko proiektuaren bueltako lau bilera egin dituzte herritarrekin.
Horrez gain, Tolosako Udalarekin komunean duten Idoiaga-San Inazio urbanizazio obrarekin aurrera egin nahi dute. «Arazo txiki batzuk medio, iaz ezin izan genuen obra gauzatu baina aurten horri eutsi nahiko genioke», esan du Zapirainek. Proiektu horren asmoa, Idoiaga-San Inazio bidegurutzeko segurtasuna hobetzea da, eta horretarako, bertan dagoen espaloia zabalduko dutela jakinarazi du, «bidegorrirako eta oinezkoentzako baliagarria izango dena».
Herriko beste zenbait eremutan hobekuntza lanak ere egingo dituzte, tartean, San Bartolome kaleko eremua berrantolatu nahi dute. «Oinezkoei eman nahi diegu lehentasuna eta bertan dauden aparkalekuak egokitu nahiko genituzke, oso leku estuan daudelako. Hala ere, ez dakigu aurten gai izango garen hori gauzatzeko».
Gizarte zerbitzuetan ere jarriko dute arreta berezia, besteak beste, eta urtean zehar beste hainbat «proiektu txiki» ere egingo dituztela aurreratu du alkateak, «sortzen diren beharren araberakoak».