Ibarrako Udalak ikusi du herri bezala, ekarpena egiteko aukera baduela Nazio Batuen Elkarteak onartutako Garapen Iraunkorreko Helburuei eta 2030 Agendari. Horrela, Ibarrako 2030 Agendaren 2024-2030 Ekintza Plana egiteko konpromisoa hartu du, Ibarra Agenda 2030. Amesten dugun herria deituriko prozesuaren barnean.
Prozesuaren lehen fasean, gogoeta prozesua abiatu dute, «globalizazioak dakartzan gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken aurrean, herriaren egoera aztertzeko eta nora iritsi nahi dugun jakiteko». Azterketa hori egiteko, herritarren eta herriko eragileen partaidetza eta konpromisoa «ezinbestekoa» izan dela esan dute udaletik..
Herriko ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jaso, eta diagnostikoa osatzeko, Ibarrako herritarren sektore ezberdinekin elkarrizketak egin zituzten iragan urteko urrian eta azaroan. Hala, adinekoekin, merkatariekin, landa eremuko auzokideekin, gazteekin eta emakume talde batekin elkartu ziren.
Herriaren azterketatik atera duten argazki horretatik abiatuta, helburu jasangarriak lortze aldera, Ibarrarentzako ibilbide-orri bateratu bat eskaini nahi du udalak, herriko eragile guztien adostasuna izango duena. Hala, bilera batera deitu ditu herritarrak, hurrengo ostegunean, hilaren 23an, 18:30ean, kultur aretoan, diagnostikoaren emaitzak aurkeztu, 2030era begirako ikuspegia landu, eta lan-ildo nagusiak zehazteko. «Bilera horretan jasoko dituzten herritarren ekarpenak beharrezkoak izango dira Ibarrako errealitatera egokitutako 2030erako plangintza osatzeko», esan dute.
Herri bilera horretara herritar guztiak deiturik daude, eta parte hartzeko interesa dutenek 605 757 687 telefono zenbakira deitu dezakete informazio gehiago lortzeko.