Belabieta kiroldegia jendez lepo izan zen beste behin, norgehiagoka berezi bat bertatik bertara bizitzeko. Lauburu Ibarra ez zen behin ere Kopako final-zortzirenetara iritsi, eta aurreko kanporaketan lehen mailako talde bati irabazi ondoren, ametsak jarraipena izan zezan gogoz zeuden jokalariak eta zaleak. Oraingoan, lehen mailako ligan lider doan Servigroup Peñiscola zuten aurkari, eta oso ondo lehiatu arren, azkenean talde moreak ezin izan zuen kanporaketa gainditu. 3-6 galdu zuen Lauburu Ibarrak atzo jokatutako partidan.
Lehen zatian oso ondo eutsi zioten norgehiagokari Lauburu Ibarrakoek, eta lehen minutuetan gol aukera garbiak izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko. Atsedenaldira iristeko 7.45 falta zela iritsi zen Peñiscolaren lehen gola. Ibartarrek indartsu jarraitu zuten, besoak jaitsi gabe, eta Victorrek Peñiscolako atezainaren pase bat harrapatu eta urrutiko jaurtiketa batekin berdinketa lortu zuen atsedenaldira lau minutu falta zirela. Eromena Belabietan, eta ibartarrek borrokarako prest zeudela erakutsiz. Atsedenaldira berdinketarekin iritsiko zirela zirudien, bana aurkariek bigarren gola egin zuten 38 segundoren faltan. Halere, itxura ona emanez ari zen Lauburu eta lehiatzeko gai zela ari zen erakusten.
Bigarren zatiko lehen minutuetan ez zen markagailua mugitu, baina Peñiscolakoak hobeto ari ziren baloia mugitzen. Azkenean hirugarren sartu zuten, 12.15en faltan. Lauburu ez zen kikildu eta hortik bi minututara, 9.40ren faltan, bigarren gola sartu zuen: Iglesias izan zen golegilea, eta taldeak berriro erakutsi zuen ez zegoela amore emateko prest. Azken minutuetan atezain-jokalariarekin jokatzea erabaki zuen Lauburuk eta ez zuen lortu partida berdintzea. Peñiscolakoek baloi bat lapurtu eta atea hutsik zegoela baliatuz 2-4koa jarri zuten. Bukaerarako 4.13 bakarrik falta zen eta partidari buelta ematea gero eta zailagoa zen. Atezain-jokalariarekin jarraitu zuen Lauburuk, baina aurkarien atezainak baloia hartu, pase azkar bat eman bere kide bati eta horrek urrutitik gola sartu zuen, ibartarren atea oraindik hutsik zegoela baliatuz. 3.26 falta zen amaierarako, eta Lauburu mirariaren bila joan bazen ere, eta jokaldi azkar batean Chucky-k hirugarrena sartu arren, 2.43 falta zen bukatzeko, eta azkenean Laubururen laugarrena iritsi beharrean, Peñiscolaren seigarrena iritsi zen, partida bukatzeko 46 segundo falta zirela.
Mikel Diestro Laubururen entrenatzaileak «nahi zuten partida» egin zutela azaldu zuen: «Partidan sartuta egon gara bukaerara arte. Bost lauren kontrakoa sartu dugu, baina ez da posible izan. Hobeak izan dira, baina pozik bukaera arte partida lehiatzen egon garelako». Orain ligan zentratu behar direla esan zuen Diestrok, eta «oso pozik» daudela Kopan egin duten lanarekin: «Ikusgarria izan da». Lehen zatia berdinduagoa izan zela zioen entrenatzaileak, eta bigarren zatian hankek ahal zutena eman dutela: «Talde oso ona da, oso ondo jokatu dute, lan ona egin dute baloiarekin eta aukera gutxi eman dizkigute». Balantze «oso positiboa» egin du Diestrok Kopan taldeak egin duen ibilbideaz: «Ia ezinezkoa da egin duguna berdintzea».
Beñat Zaldua Lauburuko jokalariak azaldu zuenez, «ez gaude ohituta lehen mailako talde baten aurka jokatzera. Erritmo handian jokatu dute, jakin dugu erritmo hori berdintzen, eta uste dut partida polita egin dugula». Kanporaketa ez gainditzeko gakoa «nekea» izan zela azaldu zuen: «Oso goran presionatzen dugun talde bat gara, eta beraiek baloia oso ondo mugitzen dute, eta bigarren zatian ez dugu izan behar genuen txinparta hori». Belabieta beteta ikustea «ikusgarria» dela gaineratu zuen: «Espero dugu ligan ere horrela jarraitzea. Zaleen babesa behar dugu partida aurrera ateratzeko. Barrutik asko nabaritzen da».