Babestutako edukia

Gazteen etorkizuneko etxeak, leku pribilegiatuan

Ataria 2025ko urt. 9a, 10:00

Ibarrako San Inazio auzoan kokatuko den Gurutzeaga bizitegi-gunearen itxura. AYPE ZERBITZUAK SL

Aype Zerbitzuak SL enpresa 18 bizitoki eraikitzen hasi da Ibarrako San Inazio auzoan; zozketa bidez esleituko dituzte eta jada egin daitezke eskaerak.

Gazteen etxebizitza beharrak ase nahian, Ibarrako Udalak 18 bizitoki babes publiko orokorreko hamaika eta udal mailan tasaturiko zazpi esleituko ditu 1.1. Gurutzeaga esparruan, Aype Zerbitzuak SL enpresa eraikitzen hasi den San Inazio auzoko lursailean. Babes publikoko 18 etxebizitza horiek jabetzan esleitzeko prozesuari hasiera emateko, udalak hitzarmena sinatu du Aype Zerbitzuak SL sustatzailearekin.

Gurutzeaga bizitegi-gunean eraikiko dituzten 18 etxebizitzak gela batekoak edo bikoak izango dira. Bizitoki bakoitzak garaje eta trasteleku bana izango ditu, baita kanpoaldera ematen duten terraza bana ere. Partzelaren kokapena nabarmendu behar da; eguzkitsua da, eta inguruan ez du inongo oztoporik, gertu dauden eraikinak baxuagoak baitira. Gainera, leku pribilegiatuan dago, herriko gune guztietatik eta oinarrizko zerbitzuetatik gertu, baita Tolosatik ere. Bestetik, oso ondo dago komunikatuta, ez baita beharrezkoa Tolosa zeharkatzea autobian sartzeko; nahikoa da Apatta industriagunetik joatea.

Etxebizitzak diseinatu eta materialen aukeraketa egiterakoan, metro koadro bakoitza optimizatzea izan da helburua, ingurune jasangarri eta energetikoki eraginkorrak direnak sustatuz, etxekoen erosotasuna lehenetsiz. Kalitate handiko etxebizitzak izango dira, eta efizienteak. Eraikinaren fatxada alboan eraikiko diren bizitoki libreen berdina izango da, prefabrikatua, hormigoizko panelekin.

Dagoeneko hasi dira eraikitze lanetan eta etxebizitzak 2027an esleitzea aurreikusten dute; gazteen etorkizuneko etxebizitzak izatea da sustatzaileen helburua. Ibarrako Udalak oinarriak onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, dagoeneko martxan da etxebizitza babestuen zozketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea; urtarrilaren 28ko 14:00etan amaituko da.

Zozketarako baldintzak

Zozketan parte hartzeko dokumentua behar bezala bete eta Ibarrako Udalaren sarrera erregistro bidez aurkeztu behar da; presentzialki edo telematikoki egin daiteke. Aurrez aurre egin nahi dutenek, bi aukera dituzte: udaletxean San Bartolome plaza, 2 08:00etatik 14:00etara, edo kultur etxean —Euskal Herria kalea, 44— 16:30etik 20:00etara. Telematikoki egin nahi dutenek, Ibarrako Udalaren egoitza elektronikora jo beharko dute. Bertan dago eskura eskabidea egiteko eredua.

Udal erregistroan aurkezturiko eskaerak jaso ondoren, eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du udalak, eta behin-behineko zerrenda osatuko du. Horiek Aype Zerbitzuak SL-ren bulegoetara bidaliko ditu, sustatzaileak eskabideen gainerako baldintzak azter ditzan. Behin betiko zerrenda osatutakoan egingo da zozketa.

Zozketan parte hartzeko, baina, oinarri batzuk bete behar ditu eskatzaileak: adinez nagusia izatea, beste etxebizitzarik jabetzan ez izatea, eta diru sarrera finkoak izatea babes publikoko etxebizitzetarako, 12.000 eurotik 43.753,71 eurora, eta tasaturikoetarako, 28.047,25 eurotik 65.630,57 eurora. Ibartarrek lehentasuna izango dute, baita Ibarran lan egiten dutenek ere.

Kasu bakoitzerako baldintza guztiak eskabideak egiteko ereduak eta argibide orokorrak Ibarra.eus edo Residencialgurutzeaga.com/eu webguneetan kontsultatu daitezke. Horrez gain, etxebizitzei buruzko informazio osagarria nahi duenak, 943 653 546 edo 943 653 721 telefono zenbakietara deitu edo aypezerbitzuak@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali dezake.

Etxebizitzen kalitate memoria
  • Egitura. Hormigoi armatuzkoa.
  • Fatxadak. Itxitura, gehienbat hormigoi zurizko panel prefabrikatuz osatua.
  • Berotze-sistema. Beroa sortzeko instalazio zentralizatua, eraginkortasun handiko kondentsazioko gas-galdaren bidez. Galdarekin batera, energia aurrezteko sistema bat instalatuko da. Beroa aluminiozko erradiadore bidez eta termostato bidez banatuko da.
  • Bainugelak eta komunak. Lehen mailako markako aparatu sanitarioak. Dutxa-platerak manpararik gabe.
  • Elektrizitatea. Behe-tentsiorako arautegi elektroteknikoaren araberako instalazio elektrikoa. Espazio komunetako argiztapena presentzia-detektagailuen bidez eta kontsumo txikiko argiekin. Bideo-atezainaren instalazioa.
  • Energia kalifikazioa. Energiaren erabilera arrazionala errazten duen efizientzia eta aurrezpen energetikoa. A motako kalifikazio maximoa.
  • Sukaldea. Ez du altzaririk, ez sukalde-gainekorik, ezta etxetresna elektrikorik ere.
  • Garajea eta trastelekua. Bizitoki bakoitzeko garajeko marra eta trasteleku bana. Garajeko ate nagusia, urrutiko agintea duen irekiera automatikoarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!