Kopako kanporaketa, bihar, lehen mailako liderraren aurka

Ataria 2025eko urtarrilaren 7a

Lauburu Ibarra 2. B mailako taldeak Errege Kopako final zortzirenetako kanporaketa jokatuko du, bihar, Belabietan, Servigroup Peñiscola taldearen aurka.

Aurreko kanporaketan talde ibartarrak lehen aldiz irabazi zion ofizialki lehen mailako talde bati partida bat. Orduan Quesos El Hidalgo Manzanares taldea gainditu zuen. Biharkoan ere lehen mailako talde bat izango du aurkari Kopan, Servigroup Peñiscola, lider doana ezustean. 20:00etan hasiko da partida Belabieta kiroldegian eta harmailak beteta egongo direla espero da.

Servigroup Peñiscolak 3-7 irabazi zion asteburuan Barçari eta lider jarri da lehen mailan. Golak sartzeko erraztasuna du, eta baita gero sufritzen jakiteko ere, bere entrenatzailearen hitzetan. Lauburu Ibarrak bere onena eman beharko du aurkaria estutzeko. Kopan lehian ari diren hamasei taldeetatik maila baxuena duena da Lauburu Ibarra, 2. B mailan izanik. Hiru talde bigarren mailan daude, eta beste guztiak lehen mailakoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!