Bertsoak, musika eta dantza ikuskizuna izango dira Ibarran

Ataria 2024ko abenduaren 18a

Ibarrako Hauspoa kultur elkarteak Gabonetako bi ekintza antolatu ditu; abenduaren 27an, bertso saio musikatua egingo dute, eta urtarrilaren 3an, berriz, Alurr dantza taldeak eta Gandeia musika taldeak ikuskizun berezia eskainiko dute.

Emanaldi bereziak antolatu ditu Gabonetarako Ibarrako Hauspoa kultur elkarteak. Abenduaren 27an izango da lehena eta bertso saio musikatua egingo dute, 19:30etan, elizan. Hiletarik balego, 20:00etan hasiko litzateke. Bertan, Oihana Iguaran, Julio Soto, Eki Manterola eta Maialen Akizu arituko dira bertsotan. Musikaria Izaro Yañez izango da, eta gai jartzailea, berriz, Joanes Zubia ibartarra. Sarrerak bost euro balio du eta egunean bertan ordaindu beharko da.

Bestetik, urtarrilaren 3an, musika eta dantza ikuskizun berezia ikusteko aukera izango da 19:30etan, Belabieta kiroldegian. Gandeia musika talde nafarrak, Alurr dantza taldeko zazpi kideekin eta dantzari nafar batekin landu dute emanaldia. Sarrerak bost euro balio du eta  Zubiaurre tabernan eta Oramahai okindegian daude salgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!