Uzturpe ikastolako kanpo espazioa erabilgarri dago jada, eta Igor Zapirain Ibarrako alkatea «pozik» azaldu da emaitzarekin: «Batetik, parte hartze prozesua bideratu duen enpresaren teknikariarekin asmatu dugula uste dut, oso dinamikoa izan delako eta proiektuan erabat sartu delako. Zentzu horretan obra zuzendaritza eta langileekin ere oso ondo joan dela uste dut. Bestetik, ustekaberik ez denez egon, dena bideratuta dagoen sentsazioarekin gelditu gara».
Hain justu, udalak duela urtebete inguru ekin zion patioa eraldatzeko parte hartze prozesuari. Bertan, herritar guztiei zabaldutako deialdia egin zuten, non hirugarren adineko herritarrak edota Garaguneko behar ezberdinak dituzten pertsonak ere kontuan izan zituzten. Izan ere, espazioa «herriarena» dela eta asteburuetan ere zabalik egoten dela gogoratu du alkateak. Janire de Andres arkitektoa izan da parte hartze prozesua kudeatu duen pertsona, obra zuzendaritza LZB enpresak eraman du eta Urbycolan S.L. enpresak egin ditu lanak. Obraren gastua, guztira, 600.000 eurokoa izan da, eta horren zati bat Ibarrako Kilometroetako jaian bildutako diruarekin ordaindu dute.
HOBEKUNTZAK
«Patioaren arazo nagusienetakoa zen ikastolaren azpitik ur dezente igarotzen zela, euri urak jasotzen dituen hoditeria zaharkitua zegoelako», azaldu du alkateak. Horregatik, kanpo espazioa berritzearekin batera, eraikinaren azpian dauden euri urak jasotzen dituzten hodiak berritzea eta «ahal den neurrian» horiek bertatik ateratzea izan da helburua.
Horrez gain, berdegune bat egin dute, mendixka batekin eta zuhaitzak ere landatu dituzte. Espazio zabala eraiki dute, hain zuzen, 4.000 metro karratu inguru dituen eremua. «Azkenean herriko umeek eta ikastolako ikasleek beraien etorkizuneko garapenetan lantzeko eta horrekin disfrutatu zezaten», gaineratu du alkateak.
IA URTEBETE PATIORIK GABE
Horma baten erorketaren ondorioz, otsailean, patioa itxi behar izan zutela jakinarazi du Aitor Bengoa Uzturpe ikastolako zuzendariak: «Horma erori zenean eremua guztiz itxi eta horma berria egin behar izan zuten, eta udaran aurreikusita zegoen bezala, kanpo espazioko obrekin hasi ziren». Hala, azken urtebetean egoerara moldatu behar izan dute, eta oraindik jolastokia erabat bukatzeko «zenbait elementu osagarri» falta badira ere, dagoeneko eremua estreinatu dute.
Ikastolako txikienek poz-pozik eta harrituta hartu dutela esan du zuzendariak, «ez zutelako eremua ezagutzen, beraz, txoko ezberdinak ezagutzen dabiltza, eta guk ere erabilera antolatu behar dugu, eremua oso zabala delako eta txikienekin erabiltzeko handiegia da».
Joan den larunbatean herritar guztien aurrean aurkeztu zuten. Aurkezpen ekitaldian ikastetxeko komunitateko kideez gain, Ibarrako Udaleko ordezkariak, parte hartze prozesua gidatu duen arduraduna eta jolastoki berria diseinatu duen arkitektoa ere izan ziren, besteak beste.