Bakardadeari aurre egiteko boluntario sarea sortu nahi dute

Ataria 2024ko abe. 11a, 17:00

Ibarrako Udalak, Adinkide elkartearekin elkarlanean, bakardadea saihesteko eta herritarren artean bizimodu osasuntsua bultzatzeko ekimena jarri du martxan.

Ibarrako Udala adinekoen bakardadea saihesteko eta bizilagunen artean bizimodu osasungarria bultzatzeko asmoz, Adinkide elkartearekin lankidetzan hasi da. Ibarran 1.146 adineko pertsona bizi direla jakinarazi du Alberto Sukia zinegotziak, «eta udalak gaurko eta biharko erronka handienetako bati aurre egin nahi dio; hautatua ez den bakardadeari».

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) definitzen duen arabera, «osasun publikoko arazoa» da. Hori dela eta, udala eta Adinkide koordinatu egingo dira bakardade arriskuan edo bakardade egoeran dauden adineko pertsonak detektatzeko, eta ondoren, udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dira.

Honen helburua bakardadeari aurre egitea dela gaineratu du zinegotziak, «eta udalak ohitura osasungarriak sustatuko ditu, bizitzako etapa guztietan sozializatzeko beharra azpimarratuko du, bakardadea prebenitzeko baliabide edo tresna modura eta Adinkidek garatzen dituen laguntza afektiboak, programak, auzo sareak eta sozializazioa zabaltzen lagunduko du».

LANKIDETZAN

Adinkide 2017az geroztik lanean diharduen irabazi asmorik gabeko boluntariotza erakundea da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Donostian, Lasarte-Orian, Azpeitian, Urretxun, Irunen, Pasaian eta Tolosan 159 adineko pertsona inguru artatzen ditu, eta horretan jarraitu nahi dutela adierazi du Josune Toquero Ibarra eta Tolosako Adinkide Garapen Sozialeko arduradunak.

«Gure helburu nagusia bakardade ez hautatuari aurre egitea da, batez ere, adineko pertsonen bakardade ez hautatuari; hainbat ikerketa zientifikok esaten dute honek eragin zuzena duela osasunean, bai fisiko eta mentalean», gaineratu du.

Hori dela eta, udalaren eta Adinkideren arteko lankidetza bakardadearen dimentsio desberdinen inguruan ariko da, eta horretarako, boluntario taldea sortuko dute. «Boluntarioa adineko pertsonaren etxera joango da eta laguntasun sarea sortuko du. Horrez gain, bestelako ekintzak ere egingo ditugu guztion artean, elkar ezagutzeko eta sare hori sustatzeko, beti ere, udalean dauden eragile guztiekin elkarlanean eta bertan egiten diren ekintzetan parte hartuz», azaldu du arduradunak.

Udalaren eta herriko eragileen koordinazioaren bitartez, bakardadea sentitzen duten edo gizartean aktibo mantendu nahi duten adinekoak detektatuko dituzte, eta deribazioak Ibarrako Gizarte Zerbitzuek egingo dituzte nagusiki, nahiz eta beste eragile batzuekin lankidetza estua izatea ere aurreikusten duten; hala nola, Osasun Zerbitzuekin eta zerbitzu komunitarioekin.

Laguntza hori Adinkiden «oso garrantzitsua» dela esan du arduradunak, «zehazki, Ibarrako Udalarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Gizarte Zerbitzuekiko eta lurraldeko eragileekiko koordinazioak laguntzen du zaintza-ekosistema bat sortzen, bakardadea saihesteko eta murrizteko. Lankidetza hori ezinbestekoa da adinekoengana iristeko eta, guztien artean, haien ongizatea hobetzeko».

BOLUNTARIOEN IZEN-EMATEA

Interesa dutenek adinez nagusi izan behar dute eta informazio saio batean izena eman beharko dute. Ondoren, elkarrizketa egingo zaie. Bi informazio saio egingo dira Zoom aplikazioaren bidez; lehena, abenduaren 18an, 12:00tatik 13:00tara izango da; eta bigarrena, abenduaren 19an, 19:00tatik 20:00tara.

Saio horietan, elkarteari buruzko informazioa emango da eta parte hartzeko dauden boluntariotza-programak azalduko dira. Izena emateko edo informazio gehiagorako Adinkide.org webgunean, ibarra@adin-kide.org helbidera idatzita edo 611 240 726 zenbakira deituta lor daiteke. Adinekoek ere aurrez aurre edo telefono bidez parte har dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!