Ibarrako merkatarien ekimen berezia, mende laurdena ospatzeko

Ataria 2024ko abenduaren 6a

Gabonetan Ibarrako saltokietan erosita, erosketa txekeak nahiz erosketa orgak eskuratu ahalko dira.

Ibarrako Merkatarien Elkarteak 25 urte betetzen ditu, eta urteurrena ospatzeko Din, dan don, Ibarran Gabon! kanpaina berezia jarri dute martxan Gabonetarako. Izan ere, elkarteko bazkide diren saltokiek eskerrak eman nahi dizkiete beren bezeroei «mende laurden honetan emandako laguntzagatik», eta horregatik, bertako dendetan erosteagatik sariak eskuratzeko aukera izango da.

Hain justu, merkatari elkarteko establezimenduetan egindako erosketa bakoitzari esker, bezeroek 50 euroko opari txeke bat irabazi ahal izango dute Gabonetako erosketetarako, eta baita erosketa orga praktiko bat ere, «tokiko merkataritzari urte osoan modu eroso eta jasangarrian laguntzen jarraitzeko».

Elkarteko kideek azaldu dutenez, ekimen honekin, Ibarrako Merkatarien Elkarteak herriarekiko duen konpromisoa «sendotzen» du, «tokiko kontsumoa sustatuz eta Gabonetako giro are bereziagoa sortuz. 25 urteak gure bezero eta bizilagunen ondoan ospatzea harro egoteko modukoa da eta maitasun hori guztia kanpaina berezi batekin itzuli nahi diegu».

Bada, herritar oro animatu dute erosketak Ibarrako dendetan egitera: «aprobetxatu aukera hau 25 sarietako bat eramateko. Elkarrekin, egin dezagun Eguberri hau ospakizun ahaztezina eta jarrai dezagun tokiko merkataritzari laguntzen».

Ibarrako Merkatarien Elkarteak gogoratu du elkartea 1999an sortu zela, eta «funtsezko» zutabea izan dela herriaren garapen ekonomiko eta sozialerako. «Duela 25 urtetik hona, Ibarrako Merkatarien Elkarteak lan nekaezina egin du tokiko merkataritza-sarea indartzeko, gure herriko kaleak dinamizatzeko eta kalitatezko gertuko arreta eskaintzeko. Urteurren hau elkarrekin ospatzen dugu: merkatariek beren dedikazioagatik eta bezeroek egunez egun gu aukeratzeagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!