Emakumezkoak bigarren eta gizonezkoak laugarren, sokatira denboraldiko lehen txapelketan

Ataria 2024ko abenduaren 5a

Goiko postuetan sailkatu dira Ibarra Sokatira Taldekoak 4x4ko txapelketan: emakumezkoak bigarren izan dira, eta gizonezkoak laugarren. Txantrean jokatu ziren finalak, sokatira denboraldiko lehenengoak.

Txapelketan talde bakoitzetik bi sokatiralari gutxienez hasiberriak izan behar dute, hau da, gehienez bigarren denboraldia izan behar dute federatuta daudela.

Emakumezkoetan, Ibarraren gainetik Txantrea sailkatu zen, eta hirugarren postua Araxes taldearentzat izan zen. Gizonezkoetan podiuma Beti Gazte, Ñapurrak eta Zudaire A taldeek lortu zuten. Ibarrakoak Zudaire Arekin puntuetara berdindu zuten, eta epaileek erabaki zuten falta gehien egin zituen taldea geratuko zela atzetik, eta hori Ibarra izan zen.

Ainhoa Galarraga taldekideak esan du gustura daudela lortutakoarekin: «Emakumezkoetan bigarren postua ondo lortu genuen, sentsazio onekin, baina Txantrea gehiago izan zen. Gizonezkoetan pena izan zen hirugarren postu hori ez lortu izana, baina gustura daude egin duten lanekin, kontuan izanik denera 11 taldek parte hartu zutela txapelketan. Bai baterako eta besterako zortziko txapelketarako motibazioa izan da lortutakoa».

Hurrengo txapelketa 4x4ko mistoa izango da, abenduaren 14an, Muruetan. Ibarrak bi talde eramateko asmoa du.

Argazkiak: Potronko

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!