Uzturpe ikastolako kanpo espazioan izandako bandalismo ekintzak salatu dituzte

Ataria 2024ko abenduaren 2a

Uzturpe ikastolak eta Ibarrako Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute Ibarrako plazan; elkarrekin, hezkidetzan, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Babes mezuez bete dute arratsaldean Ibarrako plaza. Izan ere, asteburuan, Uzturpe Ikastolako kanpo espazio berrian izan diren «bandalismo ekintza larriak» salatzeko elkartu ziren herritarrak. «Kalte materialez gain, emakumeon aurkako mezu sexista, gogor eta iraingarriak egin dizkigute ikastolako hormetan, pertsonalizatuak, eta min handia egiteko intentzio argiarekin», kontatu dute.

Ikastolako komunitate osoak irmoki gaitzetsi ditu gertaerak eta esan du ez duela halakorik onartzen, «gure herriaren etorkizuna eta hezkuntza loratzen den espazioan, ikastolako eta bertako komunitatea herri honek duen altxorretako bat baita».

Bertan, elkarrekin, hezkidetzan, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsiko dutela esan dute. «Guztion artean eraikitzen ditugu balioak, eta horiek lantzea eta sendotzea da gure eginkizuna, ikasgeletan eta ikastolako espazio guztietan».

Ikastolako hezkuntza komunitatea anitza dela gaineratu dute, eta esan dute «elkarlana, elkar errespetatzea eta elkarbizitza» dituztela eguneroko ardatz. «Gaur, gure begi aurrean porrotaren irudia ikusi baldin badugu ere, oraindik sinisten dugu mundu hau eta herri hau aldatzeko hezkuntzak duen indarrean. Horrela jarraituko dugu, bat eginda eta indartsu, biharko gizarte hobe eta justuagoren alde».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!