Eraberritze eta hobetze prozesuan murgilduta dabil Ibarrako Uzturpe ikastola, eta horren bueltan hainbat proiektu abiatu ditu. Horien artean aipatzekoa ekainean abiatu zuten kanpo espazioa eraberritzeko obra. Ikastolako espazioa eremu publikoa dela azpimarratu du Aitor Bengoa zuzendariak, «baina gure behar pedagogikoak kontutan hartuta udalak gauzatu du proiektua eta herritarrak parte hartze prozesuan parte hartzeko aukera izan zuten». Datozen asteetan amaituko dituzte obrak, eta «kanpo espazio berriaz gozatzen hasteko gogotsu» daudela esan du zuzendariak.
Irailean, berriz, ikastolako irudia berritzearen prozesu parte hartzailea abiatu zuten. Eider Epelde diseinatzaile grafiko ibartarra izan da egilea, eta hain justu, hiru proposamen aurkeztu zituen. Ikastolako komunitatean egindako bozka prozesu baten ondoren aukeratu dute ikastolako irudi berria.
Lan berri horretan ikastolak naturarekin duen lotura irudikatu du sortzaileak. «Nik Uzturpe ikastolan izan dudan esperientziagatik garbi nuen logoak naturarekin lotura izan behar zuela, izan ere, nire oroitzapen hoberenak gaztainak biltzera edo mendira joaten ginenekoak dira, eta gaur egun pantailak asko digitalizatu gaituztenez, hortik atzera joan eta ikastolak naturarekin duen garrantzia azpimarratu nahi nuen», azaldu du Epeldek.
Iñaki Epelde artista tolosarrak sortu zuen irudi zaharra, eta horri jarraiki sortu du irudi berria artista ibartarrak. «Iñakiren esentzia mantendu nahi nuen, horregatik, berak egindako mendia eraberritu dut». Koloreei dagokienez, urdinarekin ibaia, berdearekin belarra eta morearekin Ibarra herria irudikatu ditu, egunsenti bat sortuz. Goiko borobilak eguzkiaren funtzioa egiten duela azaldu du Epeldek, «eta horrekin eguzkirik gabe bizia ez dagoen moduan, Uzturperik gabe herriak ez duela bizia esan nahi dut».
Erronka polita izan arren, «exijentea» izan dela gaineratu du Epeldek, «lotura sentimental bat izan dudalako. Hala ere, prozesua oso polita izan da, ikastolako komunitateaz gain, herriak ere parte hartu duelako».
AHOLKULARITZA ZERBITZUA
Uzturpe ikastola hobekuntza prozesu iraunkor batean murgilduta dago eta horren erakusgarri da ikastolak bere proiektu pedagogikoa hobetu eta doitzeko egiten ari den ahalegina ere. Hain justu, Hik Hasi hezkuntza egitasmoaren aholkularitzapean eguneroko jardunaren gaineko hausnarketa eta berrikuspenak egiten ari da.
Mikel Agirrezabala Hik Hasi egitasmoko arduradunak azaldu duenez, «egitasmoak 29 urte daramatza euskal hizkuntzagintzan ekarpenak egiten eta aholkularitza zerbitzua ere hor kokatzen dugu. Ikastetxeengandik eta ikasleengandik gertuago egoteko urrats horien barruan ikusi dugu gure jakintzatik ekarpen hori egiteko unea iritsi dela eta horretan murgildu gara». Zerbitzu berri bat dela jakinarazi du Agirrezabalak eta, era berean, Uzturpe ikastolari eskerrak eman nahi izan dizkio, «honen ondorioz beste zenbait ikastetxeetan murgiltzeko bide eman digulako».
Aholkularitza zerbitzuak ezaugarri eta metodologia bat definituta duela azaldu du Agirrezabalak: «Ezaugarrien baitan ikastetxeen antolaketa eta talde kohesioa lantzen ditugu, eguneroko praktikan oinarritzen gara eta horren analisia eta hobekuntzak egiten ditugu, tresna ezberdinak erabilgarri eginez eta horiek eskainiz». Metodologiari dagokionez, berriz, diagnostiko bat egiten dute, beharrak identifikatuz eta helburuak zehaztuz, eta horren baitan diseinatzen dute aholkularitza prozesua.
Aholkularitza zerbitzu honek, klaustro mailan, hamaika saio izango ditu, baina jada sei eginak dituzte Uzturpe ikastolan. Horren ostean, ikasleekin praktika batzuk proposatuko dituzte eta praktika horien analisi bat eskatuko da hobekuntza horiek sortzen joateko. «Ibilbidea egiten goaz, eta ibilbide honen amaieran irakasleek beren lanak burutzeko beharrezkoak dituzten eduki, tresnak eta ezaugarriak lantzen joango dira. Ikasitakotik, bizitakotik eta jasotakotik prozesuaren amaieran dokumentazio lan bat egingo dugu eta horrek etengabeko hobekuntza horretan emango dizkigu tresnak eta oinarriak», gaineratu du Agirrezabalak.
Halaber, Uzturpe ikastolan etengabe hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu dutela azpimarratu du Itziar Urkola orientatzaileak, eta konpromiso horretan erronka nagusi bat ikasleengana ahalik eta ondoen iristea dela esan du. «Hik Hasi egitasmoarekin batera, ikasturtean zehar gure egunerokoa aztertzen jardungo dugu etengabe, eta bide horretan aniztasunaren trataeran zein hobekuntza planteatu behar ditugun zehaztuko dugu».
Horrez gain, Gipuzkoako Dislexia Elkartearekin (Dislegi) elkarlanean egindako Dislexia On proiektua ekarri du gogora Urkolak. «Urte batzuk daramatzagu beraiekin elkarlanean eta iazko ikasturtean zigilu berdea edo aitortza bat eskaini ziguten gure egunerokoa eta gure programazioak heldutzaileagoak, hau da, heldu ikuspegian oinarrituak eta maila anitzetan lan eginez jorratzekoak izateko ikusi gogoak nola egin ikasi dugulako, eta bide horretan jarraituko dugu urtez urte hobetzen».
EXPERT STEM ZIURTAGIRIA
Iazko ikasturtean, gainera, Expert Stem School Label ziurtagiria jaso zuen Uzturpe ikastolak. Ainara Otamendi irakasleak azaldu bezala, «Europa mailan, Zientzia eta Teknologia arloan ematen den ziurtagiri gorena da, alor hauetan ikastolan egiten den lan onaren erakusgai dena». Ziurtagiri prozesu honetan hiru maila daude; oinarrizkoa, aurreratua eta aditua. Uzturpe ikastolak egin duen ibilbide pedagogikoari esker, maila altuenarekin aitortu dute Ibarrako ikastola.
Prozesu honek bi fase izan dituela azaldu du Otamendik: «Batetik, iazko ikasturtean arlo hauetan landutako jarduerak, proiektuak, hitzaldiak, formakuntzak eta horrelako ebidentziak biltzen aritu ginen, eta hau burutu ostean, Europako erakunde ebaluatzaile batek bideratutako galdetegi bat osatu genuen eta hemen lortutako puntuekin lortu dugu expert maila». Prozesu guzti hau ikastolen elkartean baitan burutu dute, eta hain justu, Ikastolen Elkarteko Scientix enbaxadorea den Erramun Martiarenaren gidaritzapean egin dute.
Ziurtagiri honek, hain zuzen, zazpi eremu aztertzen dituela azaldu du Olatz Bengoetxea irakasleak: «Ikas-irakaskuntza prozesua, curriculum ezarpena, ikaskuntza ebaluazioa, ikastetxearen azpiegitura, lidergoa, loturak eta harremanak eta hezitzaileen profesionalizazioa. Zientzia irakasleak izan bagara ere proiektu hau aurrera eramatearen arduradunak, ezinbestekoa izan da ikastolako komunitate guztiarekin izan dugun elkarlana eta koordinazioa».
Hori dela eta, zigilu honen lorpenerako egindako lanak ikastolan egunero burutzen dute jardun pedagogikoaren inguruan hausnartzeko aukera eman diela esan du Bengoetxean, «ditugun ahuleziak eta indargune horiek identifikatzea ahalbidetuz, eta bestalde, hezitzaileen etengabeko formakuntzaren garrantzia eta lanarekin dugun hobekuntza konpromisoa berresteko balio izan du».
Amaitzeko, ziurtagiriak etorkizuneko erronkak gogotsu heltzen jarraitzeko indarrak eman dizkiela esan du Bengoetxeak, «eraikitzen dihardugun hezkuntza proiektua bide onetik doala erakutsi baitigu».