Historiarako geratuko den eguna Lauburu Ibarrarentzat

Imanol Garcia Landa 2024ko aza. 26a, 23:10

Sekulakoa lortu du Errege Kopan areto futboleko talde moreak. 2-1 irabazi dio lehen mailako Quesos El Hidalgo Manzanares taldeari, eta final-zortzirenetan izango da.

Garaipen historikoa lortu du Lauburu Ibarrak, lehenengo aldiz lehen mailako talde bati irabazi baitio partida ofizial batean. 2-1 gailendu da talde morea, gainera markagailuari buelta emanez. Lehen zatia golik gabe bukatu da, eta bigarren zatian iritsi dira gol guztiak. Aurkariak aurreratu dira 12 minuturen faltan, baina Lauburu ez da urduri jarri, bere defentsa irmo mantendu du eta berdintzea lortu du. Hor aurkariei urduriago ikusi zaie: Lauburuk ez zuen ezer galtzeko, saria zen lehen mailako talde baten aurka jokatzea, baina Manzanaresentzat irabazi beharrekoa zen kanporaketa 2. B mailako talde baten aurka. Azkenean atezain-jokalaria atra dute azken minutuetan aurkariek, eta etxekoek oso ondo defendatu dute egoera. Bi alditan lapurtu dute baloia bere arean, eta saiatu dira Lauburukoak hutsa zegoen atean sartzen gola; lehenengo jaurtiketa ez da sartu, baina bigarrengoan barrura joan da baloia, partida amaitzeko 30 segundo falta zirela, eta Belabieta lehertu egin da. Zoramena eta garaipen historikoa moreentzat.

Mikel Diestro Lauburuko entrenatzaileak esan du «partida berdindua» izan dela: «Gogo eta bihotz guztiak jarri ditugu; azkenean beraiek ausartak izan dira atezain-jokalaria aterata. Oso ondo defendatu dugu, eta justu hori da denboraldian hobetzeko genuen gauzetako bat». Diestrok gaineratu du «izugarria» dela lehen mailako talde bati irabaztea: «Meritu handia eman behar zaio, eta baita egin dugun partiduarengatik, neurketa osoa egin dugulako. Denboraldian zehar erakutsi du taldeak mentalki oso gogorra dela. Gola jaso arren, sinesten  jarraitu dugu eta azkenean garaipenaren saria jaso dugu».

Martin Iraola Lauburuko jokalariak azaldu duenez, bazekiten partida zaila izango zela: «Baina ilusio handiarekin gentozen. Gauzak ondo egiten ari gara azken partidetan eta gauzak gure alde atera dira. Azkenaldian ari gara erakusten gola jasotzen dugunean ondo ari garela erantzuten. Aurreko larunbatean gertatu zitzaigun lau gol jaso eta buelta emateko gai izan ginela, baita aurreko kanporaketan Zaragozaren aurka ere. Erakutsi dugu oso talde ona garela eta lanean jarraitu behar dugula».

Final-zortzirenetan berriro ere etxean jokatuko du Lauburu Ibarrak, eta berriro ere lehen mailako bat izango du aurkari. Urtarrilean izango da kanporaketa hori. Bitartean, ligan maila ona ematen eta goiko postuetan mantentzea izango da beraien helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!