Garaipen esanguratsua euskal derbian

Ataria 2024ko azaroaren 22a

Lauburuk Otxartabe bizkaitarra mendean hartu zuen. Mikel Diestroren mutilek partida on bat egin zuten Belabietan, sasoiko dagoen aurkaria gainditu baitzuen.

Bi taldeek une gozoa bizi dute, Errege Kopako 4. kanporaketa jokatzeko motibazioa gehituta. Otxarkoagakoek Industrias Santa Coloma hartuko dute asteazkenean, hilak 27, Casillan. Lauburuk, berriz, asteartean, hilak 26, Ciudad Realeko Quesos Hidalgo Manzanares hartuko du. Urtero ikusteko aukerarik ez dagoen maila handiko bi hitzordu lehen mailako bi talderen aurka.

Oso partida serioa izan zen Belabietan jokatutakoa. Bi taldeak ondo prestaturik eta lehen abisua 10 segundora iritsi zelarik ibartarren zutoinera. Diestrok zuzentzen dituen jokalarien nagusitasuna agirikoa izan zen partida osoan zehar, baina sortutako aukerak ez ziren goletan gauzatzen, talde bizkaitarraren defentsa ordenagatik eta 40 minutuetan atezainak egindako lan onagatik.

Victorrek 36. minutuan ireki zuen atea zutoinari itsatsitako jaurtiketa on batekin, eta Rafak 2-0ekoa egin zuen Otxartabek bostekoa atera berri zuenean. Rodrik zuzendutakoek protesta egin zuten, sabaiko sarea ukitu zuela esanez. Otxartabek tartea txikitu zuen 38. minutuan Pauek egindako 2-1ekoarekin, baina Victorrek, partida ona egin zuenak, markagailua itxi zuen azken minutuan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!