Asteburu honetan hasiko da sokatira txapelketen egutegia. Antsoainen (Nafarroa) izango da 4x4 txapelketaren lehen jardunaldia, eta bertan Ibarra Sokatira Taldeko bai emakumezkoen taldeak zein gizonezkoenak parte hartuko du. Lehen jardunaldian sailkapena jokatuko da, eta bigarrengo jardunaldian, hurrengo asteburuan, finala, sei talderekin. Emakumezkoen taldeak 250 kiloko mailan jokatuko du, eta mutilek 310 kilokoan.
Aldaketa handirik ez da izan Ibarrako bi taldeetan. «Iazko denboralditik blokeak nahiko antzeko mantentzen dira. Badaude bajak, baina blokeetan aldaketa drastikorik ez da izan», esan du Ainara Otamendi sokatiralariak.
Gabonen aurretik jokatzen dira 4x4 txapelketak, hau da, emakumezkoena, gizonezkoena eta mistoa. Urtarrilean hasiko da zortziko txapelketa, hau da, 8x8koa. «Hori da guretzat txapelketa nagusia», esan du Otamendik. Eneritz Arruti sokatiralariak azaldu duenez, emakumezkoetan Ibarra bi pisuetan ariko da lehian: «Pisu handian, 540 kilotan, eta hori urtarrilean jokatuko da, hiru egunetan. Pisu txikirako, 500 kilokoan, aste pare bat izaten dira tartean. Hor taldea moldatu egin behar da pisu horretara». Gizonezkoetan, Ibarra ez da atera pisu handienean, eta bai besteetan, 640, 600 eta 560 kiloko kategorietan.
Aurreko denboraldian emakumezkoen taldea puntan ibili zen, eta gizonezkoetan ez zen hainbeste lehen postu horien lehian izan. «Emakumezkoetan iazkoari jarraipena eman nahi diogu, eta gure nahia da lehiakorrak izatea. Hortik aurrera ikusiko dugu zer etorriko den, zaila delako aurreikustea: parez dauden taldeak ez ditugu oraindik ikusi eta ez dakigu zer mailatan dauden, baina gure asmoa da lehiakorrak izatea», esan du Otamendik. «Mutilei dagokionez, iaz osatu zuten bloke horri jarraipena ematea da asmoa, eta pixkana aurrerapausoak ematea».
Emakumezkoetan ez dute bereziki pisuetako bat prestatuko, bi lehiaketak jarraian direlako. «Aukera gehiago izan dezakegu pisu txikian, gure ezaugarrienagatik, baina hori ikustear dago, beste taldeen araberakoa delako», esan du Otamendik. «Beti Gazte izango da faboritoa, azken urteotan nabarmendu delako. Baina beste talde batzuk koska bat gorago egongo direla ematen du, beraz lehia izango da».
Denboraldiaren amaieran ez da izango Munduko Sokatira Txapelketarik, bi urtez behin egiten delako, eta 2024an egon ziren parte hartzen.