Musikari gazteak hasi dira herriak eta aretoak girotzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko azaroaren 19a

Ostiralean ospatuko den Xexili eguna dela eta, Loatzo Musika Eskolak antolatutako II. Musika Astean, askotariko emanaldiak egiten ari dira eskualdeko zenbait herritan. Gaur, ganbera-musika saioa izan da Ibarrako kultur etxean.

Azaroaren 22an, ostirala, Xexili Eguna ospatuko da, Musikarien Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, eskualdeko musika eskolek eta zenbait musika taldek ekitaldiak antolatu dituzte aste honetan. Loatzo Musika Eskolak, esaterako, II. Musika Astea antolatu du. Atzo, Zizurkilgo Atxulondo aretoan egin zuten lehen saioa eskusoinu eta gitarra taldeek.

Gaur, berriz, ganbera-musika saioak izan dira Ibarrako kultur etxean. Pianoa, gitarra, klarinetea, biolina, txirula edota zeharkako flauta entzuteko aukera izan dute bertaratu direnek.

Ostegunean, Anoetako plazan izango da emanaldia. Hain justu, Loatzo Musika Eskolako Bandak eskainiko du kontzertua, dultzaineroekin eta Anoetako kukuak kantuz abesbatzarekin batera.

Azken emanaldia ostiralean, hilaren 22an izango da, Alegiako kultur etxean. Musika tradizionala lantzen duen Emari taldearen emanaldia izango da. Loatzoko musikariekin batera abesti batzuk jotzeaz gain, Alegiako dantza taldekoen parte hartzea ere izango da

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!