Txapelketako laugarren kanporaketa izango da eta Laubururen etxean, Belabietan, jokatuko da, partida bakarrera. Azaroaren 26an edo 27an izango da neurketa hori.
Ligari dagokionez, asteburuan hirugarren porrota jaso du Lauburuk, eta emaitza horrek azken bolada eten du, taldeari trabatzen zaion pista batean. Tausteren aurka iaz ligan galdu zuen, segundo gutxiren faltan; igoera fasean erori zen Belabietan garaitu ondoren, eta berriro 2-1ekin estropezu egin dute pasa den asteburuan, partida amaiera mikatz batean.
Lehen zati on batek 3 puntuak lortuko zituztela pentsarazi zien, baina aurkarien atezaina gauzak zail jartzen ahalegindu zen. Bigarren zatian Aragoikoak aurreratu ziren, eta ondoren Chukyk berdinketa lortu zuen 5 minuturen faltan.
Partidaren azken esprintaren kalbarioa Zalduaren kanporaketarekin hasi zen. Bosgarren jokalaria berreskuratzeko segundo bat falta zenean, eta partida amaitzeko bi minutu falta zirela, 2-1ekoa sartu zuten aurkariek. Handik aurrera kolore guztietako hutsegiteak izan zituzten Lauburukoek, argiena Chukyk ate hutsera bota eta bigarren zutoinean jo zuenean. Hala ere, taldeak partida irabazteko aukerak izan zituen.
Zauriak miazkatzeko denborarik ez dute moreek, Otxartabe liderra jasotzea tokatzen zaielako hurrengo jardunaldian, eta ondoren, El Alamo madrildarra izango dute aurkari. Bi kontrario zail Belabietan.