Aurtengoa XIV. Ibarrako Piparra Mendi Duatloia izango da, eta larunbat honetan egingo da, hilaren 16an, 15:30ean hasita. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko aitzindaria da Ibarrakoa, hasieratik baitago. «Berritasuna iaz izan zen, eta zerbait aldatzearren pentsatu genuen korrikako sektorea luzeagoa egin eta horrela jendeari korrika bakarrik egiteko aukera ematea, baina ez genuen asmatu», esan du Juan Zubia antolakuntza taldeko kideak. «Gainera, iraileko lehen astean izan zen, bero handia egin zuen, eta berritasun hori ez zen ondo atera». Aurten aurreko urteetako formatura itzuli dira, hau da, korrika hasieran, bizikletan bigarren sektorea, eta hirugarren sektorea berriro korrika.
Bizikletako sektorea iazko bera dela esan du Zubiak, eta ez dutela apenas aldaketarik sartu. «Korrikakoa aldatu dugu eta arinagoa jarri dugu. Iaz 11 kilometroko sektore bakarra izan zen eta aurten askoz ere arinagoa jarri dugu: 4,2 kilometrokoa da lehen sektorea eta 2,3 kilometrokoa hirugarren sektorea».
Zirkuituko probetan lortutako puntuekin sailkapen orokorra egiten da eta bukaeran irabazleak izaten dira. Batez ere jarraikortasuna saritzen dela esan du Zubiak: «Proba batean huts egin baduzu, oso zaila da irabaztea. Momentu honetan gizonezkoetan Josu Urrestarazu dago lehen postuan, eta nahiz eta probarik ez duen irabazi, beti sartu da lehenengo postuetan. Emakumezkoetan Nekane Pradera dago sailkapeneko goiko postuan, eta biak etorriko direla espero dugu. Akats handirik ez badute egiten, biek dituzte aukerak zirkuitua eramateko». Hurrengo proba, eta zirkuituko azkenekoa, Adunako Mendi Duatloia izango da, azaroaren 23an.
Aurten proba gutxiago izango dira zirkuituan, batzuk ez direlako egin eta berandu abisatu zieten zirkuituko antolatzaileei. «Guztira sei proba bakarrik egingo dira. Parte hartzaileen aldetik txukun doa, eta espero dugu datorren urtean bueltatzea zortzi edo bederatzi proba izatera», esan du Zubiak.
Izena eman nahi dutenek Kirolprobak.com webgunean egin dezakete. Ostiralean gaueko hamabiak arte egin daiteke, eta egunean bertan, dortsalak badaude, posible da izena ematea, baina orduan zertxobait gehiago ordaindu behar da. Erreleboka egin daiteke proba edo banaka. Erreleboka eginez gero, kide batek korrikako bi sektoreak egiten ditu eta besteak bizikletakoa. 14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete erreleboka, eta 16 urtetik gorakoek banaka. «Eskualdeko guztiei zabalduko nieke gonbita bertan parte hartzeko, mendi duatloian hasteko proba egokia delako», zehaztu du Zubiak. «Ibilbidea ez da gogorra, bigunena dela esango genuke, eta bizikletako zatiak teknikoki ez du zailtasunik». Ohi bezala, probaren amaieran parte hartzaileek izango dute jana eta edana.
Haurrentzako ere probak egingo dituzte, urtero moduan. Mailaka izango dira: 0-7 urte bitartekoak, 8-10 urte bitartekoak, eta 11-13 urte bitartekoak. Plaza inguruan egingo dituzte beraien probak, eta bi kategoria zaharrenetakoek 15:00etan egingo dituzte, eta txikienek behin helduen proba abiatuta. Ez da sailkapenik izango, eta bakoitzak bere domina jasoko du.