Exopia dokumentala proiektatuko dute Ibarran

Ataria 2024ko azaroaren 5a

Azaroaren 15ean, ostirala, Exopia dokumentala ikusteko aukera izango da 19:00etan, Ibarrako kultur etxean. Ondoren, Aritz Gorostiaga zuzendariarekin eta Mikel Mendibil animatzailearekin solasaldia izango da.

Muxutrock rock taldearen eta Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioen arteko lankidetzan sortutako elkarrizketen ondorioz, Greziara joateko eta errefuxiatuekin gertatzen ari dena bertan egiaztatzeko egitasmoa sortu zen. Honela, Iruñeko bost ekintzaile Aritz Gorostiaga zuzendari eta kamerariak, M. Jose Zapata eta Ana Larumbe Zaporeak taldeko boluntarioak, David Moreno Lobito Muxutrock taldeko abeslariak eta Mikel Mendibil webgune eta animaziozko marrazkien sortzaileak Lesboseko eta Atenasko errefuxiatu-esparruetan izan ziren, eta hain zuzen, bertara egindako bidaiaren emaitza izan da Exopia dokumentala.

Bertako errefuxiatuak nola bizi diren erakusteaz gain, egoeraren testuingurua eta arrazoiak azaltzeko kazetari, koordinatzaile eta GKEko koordinatzaile ugari elkarrizketatu dituzte. Horretarako, hainbat GKErekin lankidetza izan dute, besteak beste, Zaporeak, SOS Refugiados edota Help Your Neighbour. Era berean, beste erakunde batzuetako koordinatzaileen laguntza ere izan dute, Yoga and Sport for Refugees, When We Band Together eta InterSOS, besteak beste.

Dokumentala 2023ko azaroaren 9an estrenatu zuten Baionako Golem antzokian, Mundua eta giza eskubideak zikloaren baitan. Horrez gain, IPESen Munduko Zinema eta Giza Eskubideen erakusketarako ere aukeratu zuten.

Orain, Ibarran aurkeztuko dute. Hain justu, azaroaren 15ean, ostiralean izango da dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan, kultur etxean. Emanaldiaren ostean, Gorostiaga zuzendariarekin eta Mendibil animatzailearekin solasaldia izango da, eta bertaratuko herritarrek euren zalantzak argitu eta nahi adina galdera egiteko aukera izango dute. Sarrera doakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!