'Auzoko' saioak abiatuko dituzte

Ataria 2024ko azaroaren 5a

Ostegunean egingo dute lehen saioa, 17:00etatik aurrera, Ibarrako Kultur Etxean.

Martxan da Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean sustatutako egitasmoa: Auzoko. Euskara herriko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza izateko bidean, bertara iritsi berriei edota euskaratik urrun bizi diren herritarrei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die proiektuak.

Helburu horrekin, astero bi ordu inguruko saio irekiak egiten dira, eta bertan, dinamika erraz eta jolasen bitartez, jatorri ezberdinetako partaideek elkar ezagutu eta oinarrizko hitz eta esamoldeak lantzen dira euskaraz. Herritarrak, aniztasuna eta euskara erdigunean jarrita, bizikidetzarako une eta espazioak sortzea da egitasmoaren gakoa. Honela, aurtengo ikasturteari hasiera emango diote aste honetan eta, hain justu, ostegunean egingo dute lehen saioa, 17:00etatik aurrera, Ibarrako Kultur Etxean.

Egistamoan parte hartzeko interesa dutenek, zuzenean ostegunetako saioetara azalduz egin dezakete edo Galtzaundiko webgunean aurkitzen den online formularioa betez. Dena dela, aurretik Auzoko saioetako dinamizatzailearekin harremanetan jarri nahi duenak, galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi edo 943 655 004 telefonora deitu dezake. Informazio gehiagorako, Ibarrako Udalera jo daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!