Belabieta kiroldegian gau historikoa bizi izan zuten bart ibartarrek. Bigarren urtez jarraian, Lauburu Ibarra taldeak bigarren mailako talde bat kanporatu eta Errege Kopako laugarren kanporaketara sailkatu da. Aurkaria bigarren mailako sailkapen nagusian bosgarren doan Entrerrios Zaragoza izan da, eta lehen mailara igotzeko hautagaietako bat da.
Ibartarrak aurkaria baino maila baxuagoan lehiatzen duten taldea izan arren, ondo baino hobeto egin diete aurre zaragozarrei. Atsedenaldira, kanpoko taldea 0-1ko emaitzarekin iritsi da aurretik, Kike Liao japoniarrak sartutako gol bati esker. Ibartarrek defentsan bikain jardun duten arren, ezin izan dute erasoan izandako aukerak gauzatzerik lortu.
Bigarren zatia hastearekin batera, zaragozarrak 0-2 aurreratu dira markagailuan, eta partida kontrolpean zutela ematen zuen unean iritsi da Lauburu Ibarra taldearen susperraldia. Bost minututan; Chucky, Martin eta Victorrek sartutako golei esker, etxeko taldeak markagailua irauli eta 3-2 aurreratu da. Entrerrios taldeak ere berehala egin du berdintzeko gola, eta partida amaitzeko 10 minuturen faltan berdinketa izan da nagusi Belabieta kiroldegian. Gutxi iraun du 3-3ko markagailuak, izan ere, Chukyk sartutako beste bi golei esker 5-3 aurreratu da etxeko taldea. Zaragozarrek markagailua iraultzeko beharrarekin, Manu Franco jokalari-atezain modura jarri dute eta Kike Liaoren golarekin gol bakar batera hurbildu dira markagailuan. Berdinketaren gola etorri zitekeenean ordea, kanpoko taldeak zelai erdian baloia galdu eta Rafa Usinek lasaitasunaren gola sartzea lortu du markagailuan 6-4ko emaitza ezarriz. Partidaren amaieran Shunta Uchida jokalariak 6-5koa sartu duen arren, ibartarrek garaipena eskuratu eta Errege Kopako laugarren kanporaketara sailkatu dira. Oraindik zein talderen aurka neurtuko dituzten indarrak jakin ez arren, lehen mailan dagoen talde baten aurka jokatzea ziurtatu du Lauburu Ibarrak.
Mikel Diestro entrenatzailea taldeak egindako lanarekin «oso harro» zegoela azaldu zuen partidaren amaieran: «Lehen zatian maila oso onean defenditzea lortu dugu, nahiz eta gero erasoan gure aukerak baliatzeko gai izan ez garen». Bigarren zatian ordea, taldeak erasoan eraginkortasun handia izan zuela adierazi zuen Diestrok, bigarren mailako talde bati sei gol sartuz. «Entrerrios Zaragoza bezalako talde bati 0-2ko markagailua irauli izanak izugarrizko meritua dauka, eta horrek oso ondo hitz egiten du talde honek daukan adoreaz eta grinaz. Taldeko jokalari guztiek izan dute jokatzeko aukera, eta oso harro nago jokalari bakoitzak egin duen ekarpenarekin». Errege Kopako laugarren kanporaketari begira, pasaden urtean bezala, CD Xota talde nafarren aurka jokatzea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Diestrok. Bestalde, Belabieta kiroldegian bildutako zale guztiei «eskerrak eman» nahi izan zizkien Lauburu Ibarrako entrenatzaileak eta hurrengo kanporaketan ere Belabieta jendez lepo betetzea «polita» izango litzatekeela aipatu zuen.