Ezinbesteko garaipena Errioxan

Ataria 2024ko urriaren 28a

Lauburu 3-8 nagusitu da Villa de Quel-en, partidaren hasierako nahigabea gaindituta. Errioxarrak 3-0 aurreratu dira partidako lehen 5 minutuetan.

Partidaren hasierak kokatu ezinik hartu zuen Mikel Diestro zuzentzen duen taldea, eta korrontearen kontra arraun egin behar izan zuten. Ibarrakoen nagusitasuna nabarmentzen hasi zen, baina taldea bi porrot jazo ondotik zetorren eta honelako beste emaitza batek gipuzkoarren konfiantza kolokan jarriko zuen.

Errioxarrek euren atean sartutako golari esker, Valentinok eta Chukyk partida berdindu zuten atsedenaldiaren aurretik.

Aldageletatik bueltan, taldeak markagailua etengabe iraultzea bilatzen jarraitu zuen, erritmo altua orekatu nahian eta aurkariari bere alde solte gera zitezkeen kontraeraso bakanetan aukerarik eskaini gabe. Victorrek 12 minutu falta zirenean eta ondoren Gorkak eta Rafak ia bi gol jarraian sartuz partida bideratuta utzi zuten, handik gutxira Valentinok eta Raulek markagailua itxi zezaten.

Kopako kanporaketa, bihar Belabietan

Atseden hartzeko eta suspertzeko denborarik gabe, taldea liga hasiera honetako partidarik zirraragarrienetako bati ekiteko prestatzen ari da. Errege Kopako hirugarren kanporaketa Belabietara iritsiko da eta kluba galaz jantziko da Bigarren Mailako Entrerrios Zaragozari harrera egiteko. 20:00etan hasiko da partida, eta Belabieta betetzeko deia egin du klubak.

Mikel Diestro Lauburu Ibarrako entrenatzaileak azaldu duenez, «partida zaila izango da, bigarren mailako talde garrantzitsu baten aurka. Urte asko daramatza maila horretan, eta zona-defentsa oso markatua dute, kalitate handiko jokalariekin». Zaleekin gozatzeko eguna bat izango dela esan du: «Saiatuko gara ahal dugun partida onena egiten, talde bezala hazten jarraitzea, eta ea posible den kanporaketa gainditzea, jakinik aurkariaren zailtasuna».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!