Mugikorrik gabeko espazioek haur eta gaztetxoen ongizatean onurak ekarriko dituztela pentsatuta, Ibarrako Udalak, Gaztezulok eta Zugatik Gugatik taldeak ekimena abiatu dute. Herriko umeek gehien erabiltzen dituzten lekuetan panelak jarriko dituzte toki hori mugikorrik gabe gunea dela adierazteko. Jolas parke guztietan, pilotalekuetan, ikastolaren kanpoaldean eta anbulatorioan jarri dituzte panelak –guztira 12– mugikorren erabilera «arduratsu, osasuntsu, zentzudun eta kontzienteago» baten alde egiteko.
Ekimenaren bultzatzaileek argi adierazi nahi izan dute ez daudela mugikorren eta digitalizazioaren aurka. Zugatik Gugatik taldeko Itziar Saizarren esanetan heziketa da gakoa eta helduek dute erabateko ardura: «Gailu hauen erabilera geroz eta normalizatuago dago gure egunerokoan, eta gizartean, oro har. Askotan ez gara ohartzen zenbat erabiltzen dugun eta gailu horiek nola eta zertarako erabiltzen ditugun. Heldu gehienok menpekotasun handia dugu eta hori transmititzen diegu haur eta nerabeei».
Geroz eta goizago izaten dute umeek lehen mugikorra eskutan, erosi egiten zaielako edo gurasoek uzten dizkietelako. Zugatik Gugatik taldeko kideek uste dute keinu hori egiten dugula ekar ditzakeen ondorioez «oso kontziente» izan gabe. «Geroz eta ikerketa gehiagok diote haurren eta nerabeen garapen osasuntsua oztopa dezaketela gailu hauek eta haien erabilera desegoki eta goiztiar batek osasun fisiko eta mentalean kalte larriak eragin dezakeela», gaineratu du Saizarrek.
Beraz, gurasoek, aitona-amonek, irakasle, hezitzaile eta herritarrek, oro har, ardura handia dutela uste dute ekimenaren bultzatzaileek: «Haurrek gehiago ikasten dute esaten diegunetik baino ikusten dutenetik. Ematen diegun eredua jasotzen dute. Hortaz, heziketan dago gako, helduok erabateko ardura dugu». Zugatik Gugatik taldekoen esanetan kanpaina honen helburua harreman osasuntsuak bultzatzea da, «helduak presenteagoa egotea, begiradak mugikorretik altxatzea eta haurrei merezi eta behar duten arreta ematea». Izaera sinbolikoa duen ekimena dela nabarmendu dute, «asmoa ez da inor mintzea, ezta epaitzea ere, norbera librea da nahi duena egiteko».
Gaztetxoak ekimenaren parte
Kanpaina honen parte izan dira herriko gaztetxoak. Izaskun Urrestarazu Gaztezuloko arduradunak azaldu duenez, iazko ikasturtean LH5eko haurrek lanketa egin zuten, bozeto lehiaketa batean parte hartuz: «Panelean agertzen den marrazkia aukeratu genuen. Elkarrekin erabaki genuen irudia eta baita agertzen den esaldia, Mugikorrik gabeko gunea, eskerrik asko».
Haurrek diseinatutako marrazkiak debekuaren ikurra daraman arren, lorez apainduta dagoela nabarmendu du Saizarrek: «Horrekin ezkortasun kutsu hori kendu nahi izan diogu eta baikortasuna eman, gune osasuntsuago bati erreferentzia eginez».
Ekimena bultzatu dutenek aipatu dute haurrei askotan esaten zaiela mugikorra ez erabiltzeko, haientzat txarra dela eta euren garapen osasuntsua oztopa dezakeela erabilera okerrak; pantailari itsatsita egonda, gauza on asko galdu ditzaketela esaten zaie umeei. Askotan haurren galdera etortzen da bueltan: «Zergatik erabiltzen dituzue zuek hainbeste?». Gogoeta horretatik abiatuta jarri dute martxan ekimena, haurren jolas guneak errespetatzeko intentzioarekin. «Orain, gure esku dago eredu egokia ematea».