Kirolaz, aisiaz eta mendizaletasunaren kulturaz hausnartzeko

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 17a, 15:00

Ibarrako Gazte Asanbladak Ibar Mendi Taldea sortu berri du, eta ekitaldiak antolatzeaz gain, gazteei zuzendutako hausnarketarako topagune bat izatea du helburu.

Ibar Mendi Taldea sortu da Ibarrako Gazte Asanbladatik. Kontatu dutenez, ideia udan hasi zen bere bidea egiten; «Ibarrako Gazte Asanbladatik egun bat antolatu genuen, ikasturte berri honetarako proposamenak egiteko», esan du Maialen Mariezkurrena asanbladako kideak. «Erabaki genuen hausnartzea gazteek gaur egun duten aisialdi ereduaz, eta guk hor zer ekarpen egin ahal izango genukeen. Ideia ezberdinak atera ziren eta horietako bat mendi talde bat sortzearena izan zen». Ikusi zuten egingarria zela, eta «oso interesgarria»: «Kirolaren munduari buruz hitz egiteko, mendizaletasunak dakarkien kultura elementu horretaz, eta aisialdi ereduaz bere osotasunean».

Mendi taldea ez da, beraz, mendi irteerak bakarrik egiteko izango. «Bideratuta dago aipatutako hiru elementu horiez hausnartzeko eta eztabaidatzeko, bai kirolaz, bai mendizaletasunaren kulturaz, eta baita aisiaren auziaz orokorrean», esan du Mariezkurrenak. Gazte asanblada batek mendi talde bat sortzearen arrazoiak azaltzean, Mariezkurrenak azaldu du aisia «egunerokotasunaren parte» dela, «gazte guztiek bizitzen dugun edo bizi behar dugun zerbait. Eta testuinguru orokor honen parte den unetik, testuinguru osoa ulertzeko eman behar zaio bere ikuspuntua, eta eztabaidatu behar da horren inguruan».

Taldearen aurkezpena mahai-inguru batekin egin zen, aurreko ostiralean herriko plazan, eta bertan izan ziren lau herritar mendizaletasunari eta trail runningari buruz hitz egiten: Aitor Maiza, Aitor Sanchez, Leire Agirrezabala eta Goar Lopetegi. «Gai asko atera ziren, tartean, gaur egun asko trail runninga hasten direla praktikatzen eta mendizaletasuna alde batera uzten dutela, eta mendizaletasunak zer duen trail runningak ez duena», azaldu du Maider Romero asanbladako kideak. «Gure mendi irteeretan hausnartzeko gaiak aisialdi ereduaz izango dira, mendiarekin zer suntsiketa egiten ari diren eta horrek bai gizartean orokorrean eta gure aisian zer eragin duen ikustea».

URRIAREN 26AN, HERNIORA

Ibar Mendi Taldearen helburua ez da mendizaleei federatzeko aukera ematea, edo ezta talde bezala federatzea ere. Beraien asmoa da hilean behin Euskal Herriko mendi batera joatea, eta hori baliatu gai ezberdinez hausnartzeko. «Jendea animatzen den heinean, hainbat jarduera antolatu ditzakegula ikusten dugu, adibidez hitzaldiak edo mahai-inguruak, bazkaria mendi irteera bat egin ondoren... Pixkana ikusten joango gara zer sortzen den», esan du Romerok. «Asanblada ireki bat sortzea ere baloratzen dugu, mendi taldearen funtzionamendua aurrera eramango duena, herriko gazteek beraien ekarpena egin ahal izateko».

Lehenengo mendi irteera Herniora egingo dute, urriaren 26an, goizez. Beraien asmoa da hamaiketako formatuan, oraindik zehaztu gabe duten leku batean, hausnartzeko tartea izatea eta taldearen sorrerarekin sortu diren zalantzak argitzea.

Romerok azaldu du mendi taldearen zein beste aisialdi eskaintzak «gehienbat Ibarrako gazte langileontzat» bideratuta daudela: «Iruditzen zaigu gaur egungo aisia ez dagoela bideratuta gazte langileontzat. Adibide bat da prezioen gorakada. Noski, beste herritarrak zein inguruko herrietakoak ere ongi etorriak izango dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!