Primerako denboraldi hasiera Lauburu Ibarra taldearentzat

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 9a, 19:59

Lauburu Ibarra 2. B Mailako taldea. LAUBURU IBARRA

Errege Kopako kanporaketa gainditu dute aste honetan Tafa taldearen aurka, eta ligan bigarren postuan daude, hiru garaipen eta berdinketa batekin.

Areto futboleko 2. B Mailako Lauburu Ibarra taldeak bikain hasi du denboraldia. Ligan bigarren postuan dago, hiru garaipen eta berdinketa bat lortu ostean. Errege Kopan aste honetan Tafa taldearen aurkako kanporaketa gainditu ahal izan dute eta hurrengo aurkaria 2. Mailako talde bat izango da.

Atzo arratsaldean jokatu zuten kopako norgehiagoka, orain arteko bigarrena, Tafaren aurka, Tafallan (Nafarroa). Luzapenera iritsi ziren, eta azkenean 2-3koarekin garaipena lortu zuten. Cristian Davila bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, «luzaroan gogoan izango dugun partida izan zen. Tafa gure aurkaria da ligan eta lehen postuan doa lau garaipenekin. Oso partida intsentsoa izan zen, maila bereko bi talderen artekoa».

Lehenengo zati «oso ona» egin zutela esan du Davilak: «Aukera asko izan genituen, baina ez genuen asmatu. Azkenean beraiek sartu zuten lehen gola, guk gurean jarraitu genuen, eta lortu genuen berdintzea». Banakoarekin iritsi ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian bigarren gola lortu zuten ibartarrek. «Beraiek baino gehiago izaten jarraitu genuen, baina azken segundoetan bigarrena sartu zuten». Luzapenera joan zen partida, eta berriro ere oso bizia izan zen jokoa. «Bi taldeak oso ausart egon ginen, biok bosteko jokoarekin aritu baikinen tarte askotan». Luzapenaren bigarren zatian, bi minuturen faltan, baloi bat lapurtu zuten ibartarrek beraien kantxan eta Rafa Usinek sartu zuen garaipenaren gola. «Defendatzea tokatu zen orduan, eta bi minutu luze egiten dira areto futbolean», esan du Davilak. «Baloiaren jabetza ahal zen gehien izanez, azkenean lortu genuen garaipena eta sekulako poza izan zen taldearentzat. Bultzada handi bat da egiten ari garen lanarekin jarraitzeko».

Bigarren kanporaketa gaindituta, orain Lauburu Ibarrak 2. Mailako talde bat izango du aurkari, eta ia ziur da etxean jokatuko dutela kanporaketa hori. Oraindik ez da zozketa egin, eta aurki jakingo da zeinen aurka jokatuko duten. «2. Mailako talde bat Ibarrara etortzea, eta Belabietako harmailak beteta ikustea pozgarria da. Klubarentzako, jokalariarentzako eta herriarentzako sari bat izango da», esan du Davilak.

Ligan denboraldia «oso ondo» hasi dutela azaldu du bigarren entrenatzaileak: «Taldearen jarrera oso ona izaten ari da eta oso pozik gaude. Hor goran egoteko asmoa dugu urte osoan zehar eta horretarako borrokatuko dugu». Lau partidetatik hiru aurten igo diren taldeen aurka izan dira. «Orain Pinsequera bidaiatu behar dugu, eta orain hasiko gara hor goran egongo diren taldeen aurka jokatzen, eta hor ere gure maila erakutsi beharko dugu».

Izan ere, urtero bezala, ligan lehen postuetan amaitu nahi dute, eta lehen postuaren bila joango dira. «Igoera fasean parte hartzeko lehen lau postuetan sailkatu behar da, eta horren bila joango gara, ahal dela liga irabaziz», esan du Davilak. «2. Mailara igoera lortzea zaila da, hiru kanporaketa gainditu behar direlako. Hori da klubaren desioa eta lorpen hori jomugan izango dugu, bere zailtasunaz kontziente izanik».

Aurreko denboralditik aldaketa batzuk izan dira, tartean zenbait jokalarik taldea utzi dutelako. Aurten lau fitxaketa iritsi dira, eta «oso pozik» daude taldean beraiekin: Manu Martin atezaina, Victor Requero, Valentino Caruso eta Rafa Usin. Azken hau da egungo kapitaina, goi mailako areto futbolean erreferentziazko jokalaria, Davilak azaldu duenez: «20 urtez lehen mailan jokatu du Rafa Usinek, eta Espainiako selekzio absolutuarekin ehun partida baino gehiago jokatu ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!