Garai bateko kontuak gogoratzeko asmoarekin bilduko dira ibartarrak urriaren 26an. Izan ere, lehen aldiz, kintoen jaia antolatu du Hauspoa elkarteak, udalaren laguntzarekin. Egun osoko egitarau izango dute. Eusebio Uberetagoiena Txibi (Ibarra, 1956) eta Julian Urrestarazu (Ibarra, 1958) antolatzaileek eman dituzte egun horretako xehetasunak.
Kintoen jaia antolatu duzue. Zer dela eta?
Eusebio Uberetagoiena: 60ko hamarkadan, Juan Jose Arin apaiza izan genuen Ibarran. Honek argazki asko ateratzen zituen eta pelikula bat ere egin zuen herriko jendearekin, Bolinches y los apaches izenekoa. Bere argazkiak Julen Colmenerok gorde zituen, eta berak Hauspoa elkarteari eman zizkion. 2019ko uztailean, Hauspoak argazki horiekin erakusketa bat antolatu zuen eta oso harrera ona izan zuen. Beraz, 2021ean, azoka egunean, erakusketa hori berriro jartzea erabaki genuen.
Julian Urrestarazu: Urteak igaro zirenean argazki horietan agertzen ginen herritarrekin zerbait gehiago egitea erabaki genuen. Beraz, urte desberdinetako herritarrak bildu ginen eta bilera moduko bat egin genuen. Hor sortu zen kintoen jaia antolatzeko ideia.
Lehen aldia izango duzue?
Uberetagoiena: Uste dugu ez dela inoiz egin, beraz, bai, lehen aldia izango da kintoen jaia egingo dela Ibarran.
Urrestarazu: Jende asko adinaren inguruan galdezka aritu zaigu. Izan ere, 1934tik 1964. urtera bitartean jaiotakoen jaia izango da, eta askok harrituta deitzen ziguten 1934ko urtean jaiotako jendea dagoeneko hilda dagoelako. Hala ere, festari ezin genion kintoak bakarrik deitu, urte desberdinetako jendea bilduko garelako. Horregatik, Betiko gaztetasuna izena jarri diogu. Baina gure asmoa urte horietan jaiotakoak berriro elkartzea da.
170 pertsonarentzako lekua izango da. Zenbat pertsonak eman dute izena momentuz?
Uberetagoiena: Momentuz 54 pertsonak eman dute izena, eta hor ere arazo bat izan genuen. Izan ere, Ibarran ez dago leku itxirik hainbeste jende biltzeko.
Urrestarazu: Hasieran udaletxeko aterpean egitea proposatu genuen. Espazioa gortina batzuekin babestuko genuke, baina eguraldia edozein dela ere, azpitik haize hotza sartu daiteke, eta hotza egiten badu, ez da fundamentuzko lekua izango. Azkenean, Izaskunen egitea erabaki dugu.
Uberetagoiena: Autobusez igoko gara Izaskunera, eta bazkariaren ostean berriro Ibarrara jaitsiko gara. Programan ez dugu aipatu baina azpimarratu nahiko genuke autobusez joan ezin duten elbarrituei edo mugikortasun txarra dutenei taxi zerbitzua jarriko zaiela. Zerbitzu berezi hori behar dutenek izena ematerakoan jakinarazi beharko dute.
Ez zarete gutxi izango beraz.
Urrestarazu: Eusebiok zera esan zuen: «30 pertsonatik gora izaten bagara, nahikoa eta pozik». Baina pixkana kopurua gorantz ari da joaten, eta oraindik astebete geratzen da izen emate epea amaitzeko. Hala ere, hori amaitzean seguru gaude jendeak deitzen jarraituko duela, beraz, epea luzatu beharko dugu.
Uberetagoiena: Datu bat eman nahiko nuke, Ibarran jaiotakoen kopurua; 903 emakume eta eta 765 gizonezko daude. Datua errealista izango da edo ez, baina honekin lotuta jende askok galdetu digun beste gauza bat da ea Ibarran jaiotakoak bakarrik etor daitezkeen. Izan ere, Ibarran jaio ez diren baina ibartar sentitzen diren asko daude herrian. Horregatik, gure erabakia izan da bakoitzak bere burua festa honetan ikusten badu, etortzeko, ibartar sentitzen den edonor izango da ongietorria.
Talde argazkia atera ostean, bazkaltzera joango zarete. Zerbait gehiago egiteko asmoa duzue tartean?
Urrestarazu: Festa 12:00etan hasiko da plazan, eta bitartean, txorizo pintxoak banatzeko eta trago bat hartzeko asmoa dugu. Horren ostean, 13:00ak aldera, Richard argazkilaria etorriko da talde argazkia egitea.
Uberetagoiena: Tarte horretan, plaza girotzeko gure garaiko kantuak jarriko ditugu. Esaterako, La Yenka bezalako klasikoak jarriko ditugu, horiek apaizaren etxean jartzen baitzituzten. Horrez gain, agian, egunean bertan erakusketako argazkiak ere jarriko ditugu plazaren inguruan, baina hori egunean bertan erabakiko dugu. Bazkarian oroigarriak ere banatuko ditugu.
Zer ematen dizue egun hau ospatzeak?
Uberetagoiena: Ilusioa eta poza, garai haietan nola bizi ginen gogoratzeko modua izango baita. Gainera, egun horretan elkartuko garen guztiak ibartarrak izango gara, agian ez bertan jaiotakoak baina bai ibartar sentimenduarekin.
Urrestarazu: Aspaldi ikusten ez dugun jendearekin berriro elkartzeak ilusioa eta poza ematen digu, asko ez dira herriko jaietara ere etortzen, baina festa honetara etorriko dira eta horrek asko esan nahi du.
Lan handia izan al da guztia antolatzea?
Urrestarazu: Ez. Azkenean, asko mugitu behar izan dugu baina, ondo moldatu gara.
Uberetagoiena: Karteleki arazotxo bat izan dugu. Izan ere, guztiak jarri genituenean etxera iritsi eta udaletik deitu zidaten esanez akats bat zegoela jarri genuen kontu korrontearekin eta ezin zirela ordainketak egin. Zenbaki egokia ondorengoa da: ES50 3035 0141 89 1410022109 (Laboral Kutxa).
Aurreikusi zenuten jende kopurua gainditzen baduzue, aurrera begira gauzak antolatzen jarraitzeko asmoa al duzue?
Uberetagoiena: Urte asko daramatzat herrian ekitaldi desberdinak antolatzen, eta Hauspoan biltzen garenean askotan jendea etorriko ez denaren beldurrarekin ibiltzen gara. Baina horrek zer ematen dizu? Dena uztea? Pena hartzen duzu lana ikaragarria egiten duzulako atzetik, baina aurrera egiten duzu.
Urrestarazu: Momentuz hau zer moduz ateratzen den ikusiko dugu eta datorren urteari begira agian beste zerbait antolatuko dugu.
Amaitzeko, zerbait gehitu nahi duzue?
Uberetagoiena: Hauspoaren izenean, Julen Colmenerori eskerrak eman nahi dizkiogu Juan Jose Arinen argazkiak orain arte ongi gordeta izan dituelako eta guri bueltatu dizkigulako. Horrez gain, aipatu nahiko nuke Hauspoa elkarteak lehen unetik bere babesa eman digula festa honekin, eta ekonomikoki ere laguntza eskaini digu.