Ibarrako Udalak herriaren agenda eratzeko bideari ekin dio

Ataria 2024ko urr. 7a, 11:58

Ibarrako Udalak 2015ean Nazio Batuen Elkarteak onartutako Garapen Iraunkorreko Helburuei eta 2030 Agendari herri bezala ekarpena egiteko aukera duela ikusi du. Horrela, Ibarrako 2030 Agendaren 2024-2030 Ekintza Plana egiteko konpromisoa hartu du, 'Ibarra Agenda 2030. Amesten dugun herria' deituriko prozesuaren barnean.

Ekintza plan hori diseinatu aurretik, Ibarrako egoera aztertuko du udalak, «Ibarrako udalerriak Garapen Iraunkorreko Helburuei egiten dien ekarpena orain arte zein izan den jakiteko, eta ondorio horietatik abiatuz, 2030 urtera arte indarrean izango den ekintza-plana lantzeko oinarri sendoak finkatzeko».

Hauek dira garapan jasangarriko helburuak:

  • Pobrezia mota guztiak desagertzea.
  • Gosea amaitzea, elikagai-segurtasun eta elikadura hobea lortzea, eta nekazaritza jasangarria bultzatzea.
  • Guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea sustatzea.
  • Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea.
  • Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea.
  • Uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea.
  • Energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.
  • Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu betea eta produktiboa nahiz lan duina sustatzea.
  • Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, eta berrikuntza sustatzea.
  • Desberdintasunak murriztea.
  • Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea.
  • Kontsumo eta ekoizpen modalitate jasangarriak bermatzea.
  • Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko (Berotegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzeko neurriak hartzea eta klima-aldaketaren ondorioetara/inpaktuetarako egokitzeko neurriak abiaraztea).
  • Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea garapen jasangarriari begira. Ibarrako kokapena dela eta, ekarpenen txostenean ez da helburu hau aztertu.
  • Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa etetea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
  • Garapen jasangarrirako gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea, guztioi justiziarako sarbidea erraztea, eta erakunde eraginkorrak eta inklusiboak sortzea maila guztietan.
  • Helburuak lortzeko itunak: garapen iraunkorraren aldeko lankidetza-sareak sortzea eta bultzatzea.
  • Hizkuntza eta kultura aniztasuna bermatzea.

Lanketa horretan udalak bidelagun izango ditu herritarrak, elkarteak eta udal langileak. Ildo honetan, urrian zehar udalak kontratatutako aholkularitza-taldeak herri sektore ezberdinetako eragileekin gaikako elkarrizketak antolatuko ditu. Herriko gazteei, emakumeei, adinekoei, merkatariei eta landa eremuko bizilagunei elkarrizketa hauetan parte hartzeko gonbita zuzena egingo die.

Prozesua, dena dela, irekia izango da eta bere ekarpena egin nahi duen edozein herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Informazio gehiago jasotzeko edo elkarrizketetan parte hartzeko interesa dutenek 943 671 138 telefono zenbakira deituta lortu dezakete.

Lehen azterketa egin ostean, helburu jasangarriak lortze aldera, ibilbide-orri komun bat eskaini nahi da, herriko eragile guztien adostasuna duena. Lehen erronda osatutakoan, bilera ireki bat egingo dute herritarrekin diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta 2030era begirako ikuspegia lantzen hasteko.

Prozesuaren ondorengo urratsen berri ematen jarraituko du udalak webgunearen bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!