Bigarren fasean sartu berri dira Uzturpe ikastolako kanpo espazioko obrak

Ataria 2024ko urriaren 1a

Gune berdea sortu eta zorua eraikitzeaz amaituko dute; obrak erritmo onean jarraitzen duela esan du Igor Zapirain alkateak, eta datorren hilean amaitzea aurreikusi du.

Ekainean abiatu zituzten Uzturpe ikastolako kanpo espazioko obrak, eta bi fasetan banatu dute. «Lehen fasea ekainetik irailera bitarte egitea aurreikusi genuen, haurrak ikastolan hasi aurretik amaitzeko», esan du alkateak. Eraikinaren aldean eta oraingo aterpearen ondoan dagoen zona berritu dute, «ikasleek ikastola hasi orduko patioa eduki zezaten». Hoditeria guztia ere berritu dute eta eraikinaren azpitik igarotzen diren urak bideratu dituzte.

Orain, bigarren faseari ekin diote. Bertan, gune berdea sortzen ari dira, eta behin hori amaituta, zoruarekin bukatuko dute. Obra erritmo onean jarraitzen duela esan du alkateak, eta guztia azarorako amaitzea aurreikusi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!