Ibarra Herri Hezitzailearen Foroko lehen bilera burutu dute

Ataria 2024ko urr. 1a, 09:23

Pasa den astean egindako bileran ateratako argazkia.

Taldeko eragileek ikasturte honetan egingo dituzten egitasmoak partekatu dituzte, eta hezkidetza gaiaren inguruko formazio saioa ere jaso dute, Eihera kooperatibaren eskutik.

Gogoz eutsi diote ikasturte berriari ibartarrek. Iaz Ibarra Herri Hezitzailea elkargunea sortu zuten herriko zenbait eragilek elkarlanean. Ibarra hezitzaile baterako zorua adostu eta, hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraikitzea da egitasmoaren asmoa, «Ibarrako hezkuntza komunitatea saretzeko».

Lan eta zeregin guztiei berriro helduz, aurreko astean eragile guztiak berriro batu eta urteko lehen bilera egin zuten. Julen Urrestarazu Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak gogorarazi zuenez, «Ibarrako hezkuntza plan komunitarioa egin behar zela izan zen lehen ideia, baina horri nola eman behar genion forma?». Ibarra etorkizunean nola irudikatu nahi duten adosteko, lau saio egin zituzten urtarriletik ekainera bitartean, «eta horien artean lehen erronka hezkidetza izan zitekeela ikusi genuen».

Urrestarazuk azpimarratu bezala, «hezkuntza arloko eragileak gara, baina nork bere sinesmenak ditu, hezkuntza modu oso zabalean uler daitekeelako». Hala ere, zenbait balio adostu dituzte, eta argi dute «Ibarra parte hartzaile, eraikitzaile, feminista, euskaldun eta jasangarri bat nahi dugula».

DATOZEN EGITASMOAK

Ibarra Herri Hezitzailearen asmoetako bat irailetik aurrera praktikotasunari eustea zen, eta horixe egin zuten aurreko astean antolatutako bileran. Hain justu, eragile bakoitzak ikasturte berrian burutuko dituen egitasmoak aurkeztu zituen. Eragile askoren ekintzak oraindik zehaztu gabe egon arren, batzuk badute data eta ordua. Esaterako, Nura elkarteak gazte eta nerabeen buru osasun arazoen inguruko bi hitzaldi antolatuko ditu, Agifes eta Biziraun elkarteekin elkarlanean. Hitzaldi horiek azaroaren 4an eta azaroaren 11n izango dira, 17:00etan.

Galtzaundi Euskara Taldearen egitasmo batzuk martxan dira dagoeneko, Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa eta Mintzalaguna egitasmoa, esaterako. Bestalde, urtero bezala, abenduaren 3an ospatuko den euskararen egunean edo ikasturte amaieran izango den Euskaraldian ekitaldiak antolatzea aurreikusi dute.

Uzturpe ikastolak ere, ohi bezala, maiatzaren 31n Uzturpe eguna ospatuko du eta Alurr Dantza Taldearekin batera kultur astea ere antolatuko du. Horrez gain, Gaztezulorekin batera, azaroaren 25ean eta martxoaren 8an ikasleak ikastolatik herrira jaitsiko dituzte, eta hezkidetza plan bat ere idatzi nahi du.

Herritar eta eragile gehiagorengana iristea da taldeko kideen asmoa, horiek ere proiektura batu daitezen. Horretarako, «plangintza partekatu bat» osatu dute, Ibarrako hezkuntza komunitatea bildu eta, herri moduan, estrategia bat adosteko. Plangintza zehazteko Eihera kooperatibaren laguntza izan du taldeak, eta lehen bilera honetan hezkidetzaren inguruko formazioa jasotzeko aukera izan zuten, Eiherako kide den Iñi Etxezarretaren eskutik.

Udazkenean hezkidetzaren lanketarekin jarraituko dute Eiherakoen formakuntza eta aholkularitzarekin. Honela, beste bi saio buruko dituzte urriaren 29an eta azaroaren 26an. Horrez gain, taldeko datorren bilera urtarrilean egingo dute, eragile bakoitzaren lanak elkarbanatzeko eta udaberrirako plangintza bateratua egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!