Uzturpe ikastolarako hiru irudi aukeran

Ataria 2024ko ira. 27a, 12:57

Eider Epeldek eginiko hiru proposamenen artean aukeratu ahalko dute ibartarrek.

Eider Epeldek eginiko hiru proposamenen artean aukeratu ahalko du ibartar orok Uzturpe ikastolaren irudi berrirako.

Uzturpe ikastolak irudia berritu asmo du. Gaur egungo irudia Iñaki Epelde artistak egindakoa da, eta hain justu horregatik, bere senide eta ikasle ohia den Eider Epelderi proposatu zioten irudi berria sortzeko. «Gaur egungo irudiaren jarraipena eman nahi izan diogu horrela, azaldu du Aitor Bengoa Uzturpe ikastolako zuzendariak. Bada, hiru proposamen egin ditu Epeldek, eta orain herritarrek dute horien artean aukeratzeko ardura.

Ikastola hobekuntza eta berrikuntza prozesu batean murgilduta dago, eta irudia berritzea ere hor kokatu behar dela zehaztu du Mikel Gerriko Uzturpe ikastolako irakasleak. Berrikuntza orokor hori komunitatearekin batera egin nahi dutela azaldu du: «Ikastolaren irudia funtsezkoa da, eta oso garbi genuen prozesuak parte hartzailea izan behar zuela, komunitate osoak parte hartuz». Hala, aukeraketa bozketa bidez egingo dute. Hau da, Uzturpe ikastolako komunitateko kideek nahiz ibartar orok izango dute Eider Epeldek eginiko proposamenetako bat hautatzeko aukera.

Bozkatzeko bi modu egongo dira. Batetik, ikastolako Telegram kanalera batu eta bertan bozkatu ahalko da. Bestetik, datorren asteazkenean eta ostegunean, urriaren 2an eta 3an, Ibarrako plazan egongo da bozka emateko aukera,  17:00etatik 18:00etara. Gainera logoaren inguruko iritzia ere eman ahalko da. Bada, «ikastola bere sentitzen duen oro» animatu dute bozka emanez parte hartzera.

Datorren astean egingo den aukeraketa prozesutik aterako da logo berria, eta urte bukaeran aurreikusi dute egingo dutela ikastolaren irudiaren aldaketa.

Hiru proposamenak:

IRRIBARTSU!

U  hizkiaren errepresentazioa, irribarrea erabiliz. Aurreko logoari jarraituz ikastola hitzean izarra eta kiribila ageri dira. U  hizkia morez ageri da, Ibarrako kolorea eta gris urdina gainontzeko hizkietan

 

HATZ-MARKA

U hizkiaren errepresentazioa hatz-marka erabiliz, ikastola komunitatearen nortasuna adieraziz. Morea eta lila, Ibarrako koloreak; urdina errekarena; eta berdea, lur emankorrarena

 

EGUNSENTIA

Mendi aldetik nabari den egunsentia irudikatzen du. Egunsentia irudikatuz, U hizkiak eguzkiaren papera betetzen du. Hizkiekin pe atzizkia dago. Ikastola mendiaren magalean dagoela irudikatuz. Lila, Ibarrako kolorea du, urdina errekarena, eta berdea lur emankorrena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!