Ostirala arte eman ahalko da izena Gaztezulon

Ataria 2024ko irailaren 25a

Urriaren 8an abiatuko dute Ibarrako LH 1 eta BATX 2 bitarteko gazteek ikasturtea Gaztezulon, eta horren inguruko guraso bilera egingo dute gaur 17:00etan, Gaztelekuan.

Aurten ere Ibarrako haur, nerabe eta gazteek eskaintza zabala izango dute. Izan ere, urriaren 8an abiatuko dute ikasturte berria Ibarrako Gaztezulon eta dagoeneko matrikulazio epea zabaldu dute. Hain justu, ostirala izango da izena emateko azken eguna eta interesa dutenek Gaztezulon bertan egin beharko dute, 11:00etatik 13:300etara edo 16:30etatik 18:30etara. Gaztezuloko arduradunek jakinarazi dutenez, ez dira epez kanpoko izen-emateak onartuko.

Ohi bezala, Ibarrako LH 1 eta BATX 2 bitarteko gazteentzako izango da zerbitzua, eta arduradunek azaldu dutenez, funtzionamendua iazko berbera izango da: "Aste batean LHko haur talde batzuk etorriko dira eta hurrengo astean beste LHko haur taldeak. DBHkoen kasuan, ostiralero eta larunbatero izango dute zerbitzua eta batxilergokoen kasuan hilabetean behin".

Izena emate kopuruak gaindituz gero, aukeraketa zozketa bidez egingo da urriaren 2an. Horretarako, haur bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta Gaztezuloko hezitzaileen artean zozketa publikoki egingo da. Honen berri Whatsapparen bitartez emango da. Erreklamazioak egiteko aukera ere izango da eta horiek urriaren 3an egin beharko dira.

Guraso bilera, gaur

Honen inguruko zalantzak argitzeko guraso bilera egingo dute gaur 17:00etan, Gaztelekuan. Informazio gehiagorako 688 810 300 zenbakira idatzita edo gaztezulo@ibarra.eus helbidera idatzita lortu daiteke. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!