Martxan da euskara hutsean antolatzen den komiki lehiaketa

Ataria 2024ko ira. 25a, 16:00

Azaroaren 20ra arte izango da Ibarra-Galtzakomik lehiaketan parte hartzeko aukera; aurten ere saritutako komiki bat Denonartean argitaletxean argitaratuko da.

Urtero bezala, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean, Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu dute. Aurten, 17. edizioa ospatuko dute, urteroko helburuari eutsiz: «Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea, baita adierazpide artistiko honetan bidea egin nahi duenari aukera bat eskaintzea ere».

Euskal Herri osotik jasotzen dira lanak urtero, eta Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko teknikariak adierazi bezala, «aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat». Iazko edizioan, esaterako, 263 lan jaso ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik.

Kategoriei dagokienez, ohi bezala, lau sailetan banatu dituzte sariak; 9 urtera artekoena –2015an jaiotakoak barne–, 10 eta 12 urte bitartekoena –2014an eta 2012n jaiotakoak barne–, 13 eta 16 urte bitartekoena –2011n eta 2008an jaiotakoak barne–, eta 17 urtetik gorakoena –2007an jaiotakoak barne–.

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta aurten komikietan landu beharko den gaia ‘Aniztasuna’ izango da. Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke eta lanak baloratuak izateko, ezinbestekoa izango da hauek betetzea. Aurtengo epaimahaia, Loinaz Lekuona ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute.

Izen-ematea zabalik

Saritutako lanetako batek, bere komikia Denonarteko argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango du. Aldiz, sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean, Mahala baserriko produktuaz osaturiko bi sorta zozketatuko dira; zozketa abenduaren 10ean izango da eta irabazlea Galtzaundiren sare sozialetan zabalduko da.

Dagoeneko zabalik da lanak bidaltzeko epea eta azaroaren 20ra arte izango da horretarako aukera. Lanak Galtzaundiren egoitzan aurkeztu beharko dira, presentzialki edo postaz. Lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 13tik 27ra Ibarrako Kultur Etxean eta sari banaketa abenduaren 13an izango da, 19:00etan leku berean.

KATEGORIA BAKOITZEKO SARIAK
  • 9 urtera arte (2015an jaiotakoak barne)
    • 1. Saria: Opari txekea (Elkar argitaletxea) + komiki bilduma (Erein argitaletxea).
    • 2. Saria: Komiki bilduma (Erein argitaletxea eta Xabiroi aldizkaria) + marrazketarako materiala (Babel paper denda).
    • Aipamena: Komiki bilduma (Xabiroi aldizkaria).
    • Ibarrako komikirik onena: Ibarrako merkatarien oparia + komiki bilduma (Xabiroi aldizkaria).
      *Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.
  • 10-12 urte bitarte (2014an eta 2012an jaiotakoak barne)
    • 1. Saria: Opari txekea (Elkar argitaletxea) + komiki bilduma (Erein argitaletxea)
    • 2. Saria: Komiki bilduma (Erein argitaletxea eta Xabiroi aldizkaria) + marrazketarako materiala (Tamayo paper denda).
    • Aipamena: Komiki bilduma (Xabiroi aldizkaria).
    • Ibarrako komikirik onena: Ibarrako merkatarien oparia + komiki bilduma (Xabiroi aldizkaria).
      *Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.
  •  13 urtetik 16 urtera (2011n eta 2008an jaitakoak barne)
    • 1. Saria: 200 euro + komiki bilduma (Erein argitaletxea).
    • 2. Saria: 100 euro + komiki bilduma (Erein argitaletxea).
    • 2 aipamen: Komiki bilduma bana (Erein argitaletxea eta Xabiroi aldizkaria).
    • Ibarrako komikirik onena: Ibarrako merkatarien oparia + komiki bilduma (Xabiroi aldizkaria).
      *Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.
  • 17 urtetik gora (2007an jaitakoak barne)
    • 1. Saria: 700 euro + Karlatz garagardotegian bi lagunentzako afaria.
    • 2. Saria: 300 euro + Eguzki Lore tabernan bi lagunentzako afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!