Bizikletari eta mendiari, gorazarre

Ataria 2024ko ira. 19a, 16:00

Ibarrako II. Mendi Bizikleta Festa antolatu du Bidetxur Kirol Klubak larunbaterako. Berritasuna Ibarra Enduro proba izango da.

Bigarrengo aldiz antolatu du Bidetxur Kirol Klubak Ibarrako Mendi Bizikleta Festa. Larunbat honetan egingo da, egun osoan zehar. Iaz egindako ekitaldiak mantendu dituzte eta aurtengoan beste bat gehitu dute, Ibarra Enduro proba. «Badakigu zaletasuna dagoela hemen inguruan, eta mendiko eta hiriko enduroa nahasten diren bi jaitsiera antolatu ditugu», esan du Iban Amondarain Bidetxur Kirol Klubeko kideak.

Lehenengo jaitsiera Leaburutik izango da, eta bigarrena Izaskundik, eta biek helmuga herriko plazan izango dute. «Proba egin dugu ikusteko jendearen erantzuna zein den. Izen ematea epea zabaldu egin dugu eta ostegunean eta ostiralean ere eman daiteke». Horretarako Bidetxur taldearen Instagram kontua erabili daiteke edo 607325164 zenbakira deitu.

Iaz egin moduan, mendi bizikletako irteerekin hasiko dute eguna. Helduak lehenengo abiatuko dira, hiru ordu inguruko ibilbidea egiteko, eta gaztetxoek pare bat ordukoa egingo dute. «Gaztetxoen irteeran geldialdi pare bat egingo ditugu, ezustekoren bat gertatuz gero zer egin daitekeen erakusteko, adibidez, zulatu bat izaten badugu», esan du Amondarainek. Ez da beharrezkoa izena ematea, eta irteera ordua baino lehen plazara agertzea nahiko da. «Bi irteeren bukaera batera samar izatea da asmoa, eta argazkiren bat ateratzeko aprobetxatu nahi dugu».

Arratsaldean, iaz arrakasta izan zuen bigarren eskuko azoka errepikatzea erabaki dute. Aurretik materiala jasoko da, eta gero jarriko da salmentan. «Iaz material dezente saldu zen, eta jendea kontentu geratu zen ekitaldiarekin», azaldu du Amondarainek. Haurrentzako ginkanak ere izango du bere tartea, eta baita trial erakustaldiak ere. «Irene Caminosekin kontaktuan gaude, eta ez dakigu azkenean berak posible izango duen, baina Ibarran trial eskola du, eta bertako ikasleek behintzat parte hartuko lukete erakustaldian.

EGITARAUA

  • 09:30. BTT irteera helduentzat.
  • 10:30. BTT irteera gaztetxoentzat.
  • 16:00. Ginkana.
  • 16:30- 19:00. Bigarren eskuko azoka. 15:00etatik 16:30era, materiala jaso eta sailkatu egingo da.
  • 17:00. Trial erakustaldia
  • 19:00. Enduro Ibarra probaren lehen jaitsiera, Leaburutik.
  • 20:00. Enduro Ibarra probaren bigarren jaitsiera, Izaskundik.
  • 21:00. Enduro Ibarra probaren sari banaketa.
  • Ondoren. Zozketak eta paella jatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!