Europako Mugikortasun Astearekin egin du bat Ibarrako Udalak beste behin, eta mugikortasun jasangarria sustatzera bideratutako hainbat jarduera izango dira. Hain justu, jarduera horien aurkezpena baliatu dute mugikortasunarekin lotutako proiektu berria aurkezteko: 100 bizikleta gordetzeko gune bat egokituko dute.
Beko Bide kaleko 10. zenbakian dagoen lokala baliatuko dute bizikletak gordetzeko gunea egiteko. Gazteentzako alokairuzko etxebizitzen eraikinean dagoen lokalean 100 bizikleta aparkatu ahalko dira, eta edonork utzi ahalko du bere bizikleta bertan. Igor Zapirain Ibarrako alkateak adierazi du aurrerago emango dituztela proiektuaren inguruko xehetasun gehiago.
Bizibira festa
Zapirainek aipatu duenez, «eremu publikoaren partekatzea»nabarmendu du aurten mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpainaren leloak; «Lelo horrek ibilgailu pribatu motorizatuen erabilera murrizteko beharraz kontzientziatzea dakar, eta hausnartzera ea nola errekuperatu dezakegun espazio publikoa, ahal den neurrian, berotegi efektuko gas-isuriak murriztuz eta gure hiriko airearen kalitate onari eusten lagunduz».
Horren harira, Ibarrako eta Tolosako udalek, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin, Bizibira haurrentzako bizikleta martxa antolatu dute. Hurrengo ostiralean, hilaren 20an izango da, eta Intujai antzerki taldeak dinamizatuko du.
Ibarrako plazatik abiatuko da martxa, 16:45ean, eta Tolosa zeharkatu eta gero, Bizibirari amaiera emateko, festa egingo dute Zumardiaundian. Bertan, bizikletekin akrobaziak egiteko aukera izango dute gaztetxoek, eta merienda ere egingo dute. Euria eginez gero, Zerkausian egingo dute.
Bestalde, hilaren 25ean, Ibarrako udaltzainek mugikortasunarekin lotutako tailerra emango die Uzturpe Ikastolako LH4-5-6 mailako ikasleei, horiek bizikletaren erabileran trebatzeko helburuarekin.