Ibarrako Udalak herriko jubilatuei zuzendutako literatur sormenari buruzko ikastaroa antolatu du. Urrian hasita, hamar saio izango dira denera, eta hiru astez behin izango dira, ostegun arratsaldeetan. Saioak Joxemari Iturralde idazle tolosarrak gidatuko ditu, eta ariketa praktikoak nahiz ideia teoriko laburrak tartekatuko dituzte. Tailerrean 61 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta parte hartzeko, 943 670 415 telefono zenbakira deitu ahalko da.
Lehen aldia da herrian herrian horrelako ikastaro bat antolatzen dutena, eta Iturraldek herritar oro animatu du, bereziki literatura gustuko dutenak edota idazten hasi nahi dutenak, beldurra kendu eta tailerrean parte hartzera. Hain justu, lehen aldia delako eta jubilatuei beldurra kentze aldera, gazteleraz egingo dutela azaldu du: «Euskara jakin bai, baina agian idazteko ohitura falta dute, eta horregatik, lehen aldia denez, gazteleraz errazago animatu daitezkeela pentsatu da». Hori bai, lehen aldia gaindituta, eta parte hartzaileek euskaraz egiteko beldur hori kenduko balute, euskaraz izango lukeela jarraipena gehitu du idazleak.
Iturraldek askotariko idazketa tailerrak ematen ditu, batez ere, gazteagoen artean. «Urte askoan aritu izan naiz jende gaztearekin, eta azken urteetan 18 urtetik gorakoentzat ari naiz ikastaroak ematen. Aldea handia da adinaren arabera, izan ere, gaztetxoek horrelako tailerrak ikasgai moduan hartzen dituzte, eta helduagoek, berriz, euren bizitzako esperientziak paperean nola islatu ikasi nahi izaten dute».
Ikastaroaren berri emateko galdetegi moduko bat ere zabaldu du Ibarrako Udalak. «Zalantza duenari edo beldur puntu hori duenari, hori kentzeko eta ikastaroa edonork egin dezakeela adierazteko da, alegia, herritar oro animatzen du parte hartzera», esan du Iturraldek. Bide horretatik, ikastaroa pixkana hasiko dela azaldu du: «Pausoka ekingo diogu, ez dugu idatziko eleberri bat lehen hilabetean, eta bakoitzak ahal duena egingo du».
Jubilatu guztiak tailerrean parte hartzera animatzearekin batera, horrelako ekimenek dituzten onurak nabarmendu ditu tolosarrak: «Burua asko lantzen da, eta ikastaroan zehar, parte hartzaileek ikusten dute egiteko gai direla». Beste herrietan ematen dituen ikastaroetako esperientziagatik, aipatu du probatzen duten gehienek jarraitu egiten dutela: «lehen urtea beldur urtea izaten da, baina ikusten dutenean oso gustura daudela eta gozatzen ari direla, jarraitzeko gogoz egoten dira».