Ibarrako jaiak 2024

Tolosako alkateak Ibarrakoa atxilotu zuenekoa

Ataria 2024ko abuztuaren 23a

'Alkatea preso' kale antzerkia egin dute, 1691. urtean herrian gertatu zena irudikatuz. 

San Bartolome jaietako hitzordu nagusietakoa bilakatu da kale antzerkia, eta urtero moduan, herritarrek erantzun polita eman diote, antzezlanaz gozatzera jende asko gerturatu delarik.

Hamaiketakoa egiteko hitzordua egin dute Idoiagan eta ondoren, Danon Txokoa tabernaren aurrean kokatu dute eszenatokia, lehen atala antzezteko. Alkatea preso antzezlanak 1691 urtean, Tolosako alkateak Ibarrako alkatea Izaskunen atxilotu zueneko pasadizoa irudikatzen du. Juan itsuak eta Martin itsumutilak ematen dute gertaera bitxiaren berri. Sagardotegietako giroan kokatzen da, kupela baten litro kopurua gorabehera liskarra sortzen da bi herrietako alkateen artean, eta musika eta dantza lagun, gertaera hori kontatzen dute, umorez jositako lau ataletan. Lehen atala Danon Txokoa tabernaren aurrean egin dute, bigarrena, Txumitxa tabernaren atzean, hirugarrena, garbitegian, eta laugarrena, plazan.

Bada, kale antzerkiaz gozatu ostean, eguneko bigarren plater nagusia Emeterio Arrese plazan izango da: txekor jatea. Toka eta bola txapelketak izango dira arratsaldean Emeterio Arresen, eta txikientzako pailazoen emanaldia ondoren, plazan. Gauean, zezensuzkoaren ondoren, DJ Andoniik jarriko du musika Txumitxa atzealdeko plazan, eta Zo-zongo taldearen emanaldia ere izango da.

Egitarau osoa ikusgai hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!