Ibarrako jaiak 2024

Erraldoi berriak ditu Ibarrak

Ataria 2024ko abuztuaren 21a

Danborrada taldeak bota du txupinazoa, eta ondoren, bi erraldoi berriek agerraldia egin dute San Bartolome plazan.

Ezustekoa izan da Ibarrako San Bartolome jaien hasieran. Izan ere, Bartola eta Bartolo erraldoiei beste bi erraldoi batuko zaizkie aurrerantzean. Danborrada taldea izan da txupinazoa botatzearen arduradun, eta Bartolak eta Bartolok dantza egin ostean etorri da sorpresa. Igor Zapirain alkateak iragarri du ezustekoa, azalduz azken urtean herriko gazteek egindako lanketaren fruitua izan dela.

Bada, kalejiran iritsi dira plazara bi pertsonaia berriak, herritarren harridura eta pozerako. Nola ez, herriko ikur den piperra ikus daiteke bi erraldoi berrietan eta herriaren kolorea den morea ere nagusi da euren jantzietan. Pertsonaiek oraingoz ez dute izenik, eta udaletik esan dutenez, herritarrek parte hartze prozesu bitartez jarriko diete izena.

Sorpresatxoaren ostean, kalejiran abiatu dira Bartola eta Bartolo bi erraldoi berriekin, eta euren atzetik Ibarrara etorritako Pasaiako, Villabonako eta Gironako Fal·lera Gironina erraldoien eta buruhandien konpartsak joan dira.

Igandera bitarte ekitaldiz beteriko egitaraua dute aurretik ibartarrek.

Erlazionatuak

Ibarrako jaien hasiera

Ataria 2024 abu 21 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!